«Herritar asko etorri zaizkit agurtzera eta horrek asko pozten nau»
Aintzane Alberdik (1962, Zumarraga) 23 urte eman ditu Zaldibiako farmazian lanean. Zumarragan eta Donostian ere lan egindakoa da.
Aintzane Alberdi zumarragarra Zaldibiako farmazialaria izango da 23 urtez.Manex Usarralde Aintzane Alberdiri (1962, Zumarraga) asko gustatzen zaio bidaiatzea. Orain, jubilatu egin denez Kanada izango du bere lehen helmuga. 23 urtez Zaldibiako farmazialaria izan da. Alberdi Zumarragan bizi bada, bainalotura estua sentitzen du Zaldibiarekin.
Zer sentitzen duzu lanari utzi diozun honetan?
Jubilatu ofizialki hurrengo urtean egingo naiz, oraindik kotizazioa ez daukadalako erabat beteta. Hala ere, orain libre geratzen naiz, loturarik gabe.
Nolakoa da farmazia bateko lana?
Psikologia pixka bat eskatzen duen lanbidea da. Lehenik eta behin jakin behar duzu isilik egon behar duzun lan bat dela. Jendeari buruzko gauza asko jakitera iristen zara, eta horiek, batzuetan, isilpean eraman nahi izaten dituzte. Oso garrantzitsua da bezeroak zuregan konfiantza izatea.
«Zumarragan oso eroso nengoen, baina, uste dut lanbide honetan abantaila bat dela herrikoa ez izatea»
Nola iritsi zinen Zaldibiako farmaziara?
2003ko urtarrilean iritsi nintzen. Zumarragakoa naiz eta lehenik han egin nuen lan etxe ondoko farmazia batean, ia 10 urte egon nintzen bertan. Aurretik Donostian praktiketan ere egon nintzen.
Zergatik erabaki zenuen Zumarragatik Zaldibiara aldatzea?
Zumarragan oso eroso nengoen, baina, uste dut lanbide honetan abantaila bat dela herrikoa ez izatea. Izan ere, herrian nolabait sailkatuta zaude zaren familiakoa izateagatik edo bestela ere jendea kalean ikusten duzulako. Pertsona bat botikaren bat hartzen ari dela badakizu eta herriko tabernaren batean alkohola edaten ikusten baduzu, egoera horrek une deserosoak sor ditzake. Baina, ni, Zaldibiara, lanerako bakarrik etortzen nintzen. Gero, festak bezalako data seinalatuetan bai etortzen nintzen, baina, bestela nire Zaldibiako bizitza farmazian egin izan dut.
33 urte horietan zure lanean aldaketarik izan al da?
Hasieran ez neukan ordenagailurik. Denda arrunt batean bezala saltzen nuen. Terminal batean apuntatzen genuen dena eta gero telefonoz eskatzen genuen. Gero, azken urteetan gehiena kexatu garen aldaketa da paper kontu gehiago egin behar dela. Denerako protokoloak baitaude, hasieran askoz errazagoa zen niretzat. Hala ere egia da beharrezkoak direla.
Zaldibian zerk harritu zaitu?
Artzaintzarekin lotura estua duela herriak. Ni ere baserrian jaiotakoa naiz, nahiz eta ia betidanik kalean bizi izan naizen. Han ere artaldeak badaude, baina hemen ia denek dute lotura artzaintzarekin, behintzat iritsi nintzenean. Gogoratzen naiz nire adineko jendeak esaten zidala umetan uda mendiko bordan pasatzen zutela gurasoekin. Gainera, herri txikia denez, bertako asko erlazionatuta daude, lehengusuak, osaba-izebak edo direlako.
«Gazte Festetako sagardo dastaketako txotx irekiera egiteko eskatu zidaten. Oso pozik eta maitatua sentitu naiz»
Orain Zaldibian beste gauza batek ere harritu nau, eta da agurtzera etorri zaidan jende guztia. Gainera, Gazte Festetako sagardo dastaketako txotx irekiera egiteko eskatu zidaten. Oso pozik eta maitatua sentitu naiz.
Jubilatuta zertarako gogoa daukazu?
Bidaiatu egin nahi dut, laster, Kanadara noa. Osasunarekin jarraitzen dudan bitartean leku gehiago ezagutu nahi ditut.













