Lehendakari Txapelketako azken proba jokatuko da Beasainen larunbatean
75. Loinatz proba jokatuko dute elite eta 23 urtez azpiko 120 bat txirrindularik, 09:00etan hasita. 131 kilometroko proba da.
Txirrindulariak irteteko zain, 2025eko lasterketan, 74. Loinatz proban.Lide Egizala Larunbatean, irailaren 19an, Beasainen jokatuko da amateurrentzako den Lehendakari Txapelketako azken proba: 75. Loinatz proba, Loinatz Txirrindularitza Elkarteak antolatuta. Hamalau proba izan ditu txapelketak –horietatik bat Zegamako San Bartolome saria, abuztuaren 29an–, eta Beasaingo hamabosgarrenarekin amaituko da 2026ko egutegia.
Elite eta 23 urtez azpiko 122 txirrindularik eman dute izena proban parte hartzeko. 09:00etan irtengo dira Nafarroa etorbidetik. Ormaiztegitik Gabiriara joango dira, Atagoitira (mendiko saria) igoko dira, eta Brinkolatik eta Telleriartetik barrena berriro joko dute Atagoitira (mendiko saria). Gabiriatik Ormaiztegira jaitsi eta Salbatore igarota Olaberriara (mendiko saria) joango dira, handik Lazkaora jo eta Senperetik bueltan Beasainen tarteko helmuga igarotzeko. Itzuli bera egingo dute bigarren aldiz, eta bigarren tarteko helmuga pasatu ondoren Arriarandik Mandubiara (mendiko saria) igoko dira. Jaistean, Olaberria (mendiko saria) eta Lazkaotik igarota helmugaratuko dira Beasainen.
131,2 kilometroko proba osatu beharko dute ziklistek. 12:15 inguruan lehenengoak helmugan sartzea aurreikusi dute.
Festetatik kanpo
Iaz arte, Beasaingo festen barruan jokatzen zen proba, eta iaz lehen aldiz atera zuten festetatik. Abuztuan jokatu zen. Elkarte antolatzaileak azaldu duenez, bazkideekin bidegurutzeak kubritzeko arazoak izaten zituztelako hartu zuten erabakia. Aurten, egutegian apirilaren 18rako zegoen aurreikusita Loinatz proba, baina futboleko Espainiako Kopako finalaren harira ere arazoak izan zituzten antolakuntzan, eta atzeratzea erabaki zuten.












