‘Euskal Herriko mugak oinez’ liburua aurkeztuko dute Goierriko Mendizale Beteranoek
Datorren asteazkenean, ekainaren 3an, egingo dute aurkezpen ekitaldia Ordiziako Herri Antzokian, 11:00etan hasita. Taldearen hasieratik gaur arteko mendizale beteranoak gonbidatu dituzte.
Goierriko Mendizale Beteranoek ondu berri duten Euskal Herriko mugak oinez liburua aurkeztuko dute datorren ekainaren 3an, asteazkena, 11:00etan, Ordiziako herri antzokian. Sua argitaletxeak kaleratu du, eta Euskal Herriaren zazpi herrialdeetako perimetroa oinez ezagutzeko proposamena egiten du, 66 etaparen bidez.
Argitalpenak etapa horietako bakoitzaren deskribapena, mapak, informazio praktikoa eta ibilbidearen trackak jasotzen ditu, eta baliabide horiei esker, irakurle-mendizaleek Urdaibaiko paduretatik Hiru Erregeen Mahairainoko bidea egingo dute; Ebro ibaia zeharkatu, Bardeetako mortuak inguratu eta Euskal Herriaren inguruko hamaika txoko ezagutzeko aukera izango dute.
Herritarrez gain, Goierriko Mendizale Beteranoak taldeko partaide guztiak, hasieratik gaur artekoak, gonbidatu dituzte aurkezpenera.














