Hemen da Aramako Trikiti jaialdia
Aurreneko aldiz, eguerdira lekualdatu dute; 12:00etan izango da, bihar, parkean. 100 herritar inguru izango dira bazkarian.
Arama soinu eta pandero jotzaile tradizio handiko herria da. Belaunaldi ezberdinetako herritar ugari aritzen dira trikitiaren bueltan, eta urteetan zehar sendotu den zaletasun horrek giro berezi eta paregabea sortzen du herrian. Hori guztia berriz ere agerian geratuko da Aramako Trikitixa Jaialdian; izan ere, herritarrek beste behin erakutsiko dute musikak eta herri kulturak komunitatea elkartzeko duten indarra.
Orain bi urte aurrenekoz antolatutako Trikiti jaialdiari jarraipena emango diote aurtengoan ere; trikitiarekiko zaletasun handia duen herritar baten ekimenez antolatu zuten estreinakoz, eta orain, Gaztaintxota Kultur Elkartea da bultzatzaile nagusia. Gipuzkoako hainbat txokotan mota horretako ospakizunak ohikoak izan arren, Goierrin ez zen halako ekitaldi askorik egiten, eta hutsune hori betetzeko asmoz erabaki zuten Araman Trikitixa Jaialdia martxan jartzea.
Iluntzetik eguerdira igarota
Aurreko edizioetan bezala, aurtengoan ere jaialdiak bere izaera herrikoia mantenduko du, eguna bera bi ardatzetan banatuta: batetik, trikitilarien jaialdia, eta bestetik, otordu herrikoia. Hala ere, aurten berrikuntza nagusi batekin dator: orain arte iluntze partean egin izan den jaialdia goiz-eguerdira lekualdatzea erabaki dute antolatzaileek. Lekua bera izango da –herriko parkea–, baina jardunaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da.
Trikitilarien emanaldian hainbat izango dira oholtzara igoko diren musikariak. Parte-hartzaileen artean daude Kristina Solano eta Amaia Oreja, Eneko Dorronsoro eta Ibai Nikolai, Josune Otegi eta Arene-Uxue Aiertza, Enaitz eta Erkizi, Maitane Iturriotz eta Garazi Larrañaga, Iker Sukia, Daniel Oiarbide, Aritz Markinez eta Peio Urdangarin.
Jaialdiaren ondoren, parte-hartzaileak eta herritarrak elkartean elkartuko dira bazkarirako. Ehun lagun inguruk izena eman dute, eta adin guztietara egokitutako menuak prestatuko dituzte: helduentzakoa eta haurrentzakoa.













