Itsasoko ogi labeak ezagutzeko bisita gidatua egingo dute igandean
Urte beteko azterlanaren azken emaitza da bisita. Pilare Muxikak eta Anttoni Okarizek ondu dute lana.
Muxika ogi labeei buruzko lana aurkezten, iaz sanbartolometan.Lide Egizala Urteak daramatzate Anttoni Okarizek eta Pilare Muxikak herriko ondarea jaso eta katalogatzeko lanean Itsason. Urtero, herriko ondare elementu bati buruzko azterlana egiten du bikoteak. Azkena ogi labeei buruzkoa izan da, baina aurretik errotak, bolatokiak, iturriak, zubiak edo karobiak ere izan dituzte aztergai.
Itsasoko ogi labeak aztertzen urte bete eman ondoren, iazko San Bartolome jaietan egin zieten herritarrei lanaren inguruko aurkezpena, ohitura duten bezala. Behin lana aurkeztuta, asteburu honetan herriko ogi labeak —batzuk, ez guztiak— bertatik bertara ezagutzeko irteera antolatu dute, 10:00etatik 13:00etara. Ogi labean egindako jakiren batekin mokadutxoa eginez emango diote amaiera jarduerari.
Urte beteko lan mardula
Azterlana «lan potolo xamarra» izan dela aitortu du Muxikak. Auzotarrekin hainbat elkarrizketa egin zituzten informazioa jasotzeko eta artxiboetan ere ibili ziren bila. «Baserrietako eskrituretan ere begiratu genuen, ogi labeak nola jasota dauden ikusteko», zehaztu du. Guztira, 45 ogi laberen aztarnak aurkitu dituzte Itsason, «era guztietakoak» eta horietako batzuk, oraindik «jardunean» dirautenak. 45 horietatik, 18 daude gaur egun «kontserbazio egoera onean» eta horietatik 10 bat bisitatuko dituzte igandeko irteeran Muxikak zehaztutakoaren arabera.
Egitura aldetik ezberdinak dira Itsasoko baserrietan aurkitutako ogi labeak. Kasu batzuetan jatorrizko egituran aldaketak izan dituzte mendeetan zehar, «bertako testuingurua aldatuz joan zen heinean». Zentzu honetan, bizitoki barruan kokatutako labeak aurkitu dituzte; baita kanpoaldean etxeari itsatsitako eraikin txikietan zeuden labeak ere. Beste kasu batzuetan, ogi labea eraikin independentea ere izaten zen, bizitokitik hurbil. «Halakoetan ohikoa zen labeak forma biribila izatea». Mota honetako 10 laberen aztarnak aurkitu dituzte Itsason.
Egiturak berak ez ezik, ogia egiteko prozesuan erabiltzen ziren tresnak ere katalogatu dituzte lanean: lihozko zapiak, ogia labetik ateratzeko palak, ogi oholak, labea garbitzeko hagak edo ogia gortzeko kutxak, besteak beste. Labe gehienak familiaren kontsumorako erabiltzen ziren arren, saltzeko ere egiten zutenik bazen, Mandubizar edo Mendeungoak kasu.
Herriko ondarea bizirik
Itsasoko baserri askotan egiten zen ogia, baina lanean jaso dutenez, 60. hamarkadan ogi industrialak indarra hartu zuenean aldatu zen ohitura. Geroago, 1976an Illargi S.A. kooperatiba sortu zuten inguruko okindegi txiki guztiekin bat eginda. Gaur egun, Itsasoko bi baserritan jarraitzen dute ogia egiten: Hariztizabalen eta Goittin.













