Aramako Trikiti Jaialdia, eguerdian eta parkean
[ARGAZKIAK ETA BIDEOA] Bigarren urtez antolatu du Gaztaintxota Kultur Elkarteak; lehena 2024an izan zen. Jende ugari inguratu da giroaz eta musikaz gozatzera.
Amaia Oreja eta Kristina Solano oholtzan, Aramako parkean.Laida Goiburu Aramako II. Trikiti Jaialdia izan da gaur. 2024an antolatu zuten lehenengoa. Aurtengo berrikuntza nagusia ordutegia izan da, eguerdira pasatu dute, duela bi urte iluntzean egin baitzuten. Leku aldaketa ere egon da; duela bi urtekoa frontoian egin zuten, eta aurten frontoi ondoko parkean izan da.
Trikitiarekiko zaletasun handia duen herritar baten ekimenez jarri zuten martxan jaialdia lehenengoz, eta harrezkero Gaztaintxota Kultur Elkartea da bultzatzaile nagusia. Gipuzkoako hainbat txokotan mota horretako ospakizunak ohikoak izan arren, Goierrin halakorik ez zegoela-eta, hutsune bat betetzeko asmoz erabaki zuten ekitaldia antolatzea.
Eneko Dorronsoro eta Ibai Nikolaik ireki dute jaialdia, Dorronsoro soinuarekin eta Nikolai didgeridoo tresnarekin. Emanaldi lasai eta berezi batean erlaxatzera eraman dituzte ikus-entzuleak une batzuetan, doinu alaiagoekin uztartuta tarteka. Ondoren, Kristina Solano trikitiarekin eta Amaia Oreja panderoarekin alaitu dute giroa, kantuan.
Jarraian, Josune Otegi eta Arene-Uxue Aiertzak, Enaitz eta Erkizik, Maitane Iturriotz eta Garazi Larrañagak eta Iker Sukia, Daniel Oiarbide, Aritz Markinez eta Peio Urdangarinek eskaini dituzte emanaldiak, hurrenkera horretan. Amaitzeko, trikitilari eta pandero jole guztiak igo dira oholtzara elkarrekin jotzera.
Jaialdiaren ondoren, parte-hartzaileak eta herritarrak elkartean elkartu dira bazkarirako, ehun lagun inguru.













