Itsasoko ogi labeak, ondare bizi baten lekuko
Herriko hamar ogi labe ezagutzeko aukera izan dute bisitariek. Pilare Muxikak eta Anttoni Okarizek ondutako azterlanaren azken emaitza izan da bisita.
Pilare Muxika alboko ogi labearen inguruko informazioa ematen. Urtebeteko ikerketa lanaren ostean, Itsasoko ogi labeak bertatik bertara ezagutzeko irteera egin dute gaur goizean, 10:00etatik 13:00etara. Pilare Muxikak eta Anttoni Okarizek ondutako azterlanaren azken emaitza izan da ekimen hau.
Guztira, 45 ogi laberen aztarnak identifikatu dituzte Itsason, mota askotakoak eta horietako batzuk, oraindik erabiltzen direnak. Aurkitutako 45 labeetatik, 18k kontserbazio egoera ona dute gaur egun, eta horietatik hamar inguru bisitatu dituzte gaurko ibilbidean.
Herriko baserrietan aurkitutako ogi labeek ezaugarri eta egitura askotarikoak dituzte. Zenbait kasutan, jatorrizko egiturak aldaketak izan ditu mendeetan zehar. Hala, etxebizitzen barruan kokatutako labeak aurkitu dituzte; baita kanpoaldean etxeari atxikitako eraikin txikietan eraikitakoak ere. Beste batzuetan, berriz, ogi labea eraikin independente batean kokatzen zen, bizitokitik gertu.













