San Adrianera erromesaldia eta alkateen makila-trukea, tradizioari eutsiz
Zegamako Gurutze Santuaren ermitan egin diete ongietorria erromesei, eta bertan alkateek aginte-makilak trukatu dituzte. Ondoren, Segurara joan dira.
Zegamako plazan lore-sorta banatu diote Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateari. Urteroko hitzorduari eutsiz, San Adrianera erromesaldia egin dute idiazabaldarrek. 7:30ean atera da parte-hartzaileak Otsaurteko Bentaraino eraman dituen autobusa, eta handik oinez abiatu dira San Adrianera. 9:30ak inguruan iritsi dira kobara, eta han, anisa banatu da bertaratutakoen artean. Ondoren, talde argazkia atera dute.
Ohiturak agintzen duenez, beherakoan, alkate-makilen trukatzea egin dute. Lehen geldialdia Zegaman izan da, 12:00etan. Gurutze Santuaren ermitaren ondoan egin diete ongietorria Idiazabalgo erromesei, eta bertan alkateek aginte-makilak trukatu dituzte. Ermitatik Zegamako ostatura abiatu dira desfilean, herriko txistulariek lagunduta, eta ostatuan mokadutxo batekin hartu dute atseden. Ondoren, Segurara joan dira; han, berriz, Izarra Urdalleta Segurako alkateak trukatu du aginte-makila.
Giro bikaina izan dute erromesek eta jai giroa nagusitu da.













