Aizkorriko Biraren aurretik, ibilbide, hitzaldi eta erakusketa bana
Bihar orientazio ibilbidea egingo dute Beasaingo ikastetxeetako zenbait ikaslek Sagastigutia parkean. Asteazkenean, berriz, 'Abriendo camino: Groenlandia' ikus-entzunezkoa eta bidaian parte hartu zuten Uxue Loizu eta Amaia Agirreren hitzaldia izango dira.
XI. Aizkorriko Birako irudia, 2024an.Aizkorri Mendizale Elkartea Ekainaren 13an egingo ditu Aizkorri Mendizale Elkarteak Tomas Salazar XII. Aizkorriko Bira eta VI. Gazteen Bira Aizkorrira Begira. Baina egun hori iritsi aurretik, orientazio ibilbide, hitzaldi eta erakusketa bana antolatu du mendizaletasuna eta ingurune naturalarekiko atxikimendua sustatu nahian.
Bihar, ekainaren 2an, Sagastigutia parkean eskolarteko orientazio ibilbidea egingo dute Alkartasuna Lizeoko, Andramendi ikastolako, La Salle ikastetxeko eta Murumendi eskolako Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleek, goiz osoan. 2024ko edizioan lehen aldiz antolatu zuten orientazio ibilbidea, ordu hartan Oiangun. Izan zuen harrera ona ikusita aurten ere antolatzea erabaki dute, ibilbide berri bat sortuta. Aizkorri elkarteak azaldu duenez, Gipuzkoako Orientazio Taldeak diseinatu eta prestatu du: “Parte-hartzaileek rogaine motako orientazio proba egingo dute: parke osoan sakabanatuta egongo diren hamabi baliza aurkitu beharko dituzte, horretarako 40 minutuko denbora mugarekin”.
Ekimenaren helburua orientazioa, natura eta mendizaletasuna uztartzea da, gazteen artean jarduera fisikoa eta ingurune naturalarekiko harremana sustatuta. Aldi baterako izatetik harago, orientazio ibilbide iraunkor bat jarriko dute herritarren eskura: “Ibilbidea egiteko beharrezkoa den mapa kartografiatua eta argibideak eskuragarri egongo dira Aizkorri Mendizale Elkartearen, Beasaingo Udalaren eta GOTen webguneetan”.
‘Gailurretan izan gaitun’ erakusketa ibiltaria
Asteazkenean, ekainaren 3an, Abriendo camino: Groenlandia ikus-entzunezkoa emango dute Igartzako jauregian, 19:00etan. Espainiako Mendi eta Eskalada Kirolen Federazioaren Abriendo Camino proiektuak “emakumeen arrastoa utzi nahi du eskaladaren munduan, mendietan arakatuz, eskalatuz eta bide berriak irekiz”, Aizkorrik azaldu duenez, eta Beasainen Groenlandiako pasartea izango da ikusgai. Ikus-entzunezkoaz gain, bidaian parte hartu zuten Uxue Loizu eta Amaia Agirre Nafarroako Mendi Federazioko kideek haien testigantzak emango dituzte.
Aizkorriko Biraren aurreko egitarauko azken ekitaldia Euskal Herriko Mendi Federazioaren Gailurretan izan gaitun argazki erakusketa ibiltaria da. Ekainaren 3tik 12ra egongo da ikusgai Igartzako burdinolan, asteazkenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta asteburuan 11:00etatik 14:00etara.
Ekainaren 13an, 06:00etan elkartuko dira XII. Aizkorriko Birako partaideak Jose Martin Arana kaleko Aizkorriren egoitzan. 52 kilometroko ibilbidea egingo dute. Beasaindik aterata, Olaberriko ibilbideetan zehar Idiazabalgo mendietan barrena Etxegarateraino joango dira, handik Zegamako mendietan barrena Aizkorriraino, eta bertatik berriro ere Beasainera itzuliko dira, Zeraingo, Segurako eta Ormaiztegiko lurretatik barrena.
VI. Gazteen Bira Aizkorrira Begirako parte hartzaileak (8 eta 16 urte arteko gazteentzat da) berriz, 08:00etan elkartuko dira egoitzan. 16,8 kilometroko ibilbidea egingo dute. Beasaindik Olaberriara abiatuko dira, eta Etxegaratera igo gabe, Idiazabalera jaitsiko dira Intxusti iturritik. Idiazabaldik berriz Urbizura igo eta Aizkorriko Birako parte hartzaileekin batera birako azken 5 kilometroak egingo dituzte.
Prezioak aurrez eta egunean
Izen-ematea zirkuitua.com webgunean, posta elektronikoz tsaizkorrikobira@gmail.com helbidean edo ekainaren 12an Aizkorriren egoitzan (Aizkorriko Birarako 17:30etik aurrera, Gazteen Birarako 19:30etik aurrera) egin behar dute parte hartu nahi dutenek. Aurrez izena emanez gero, prezioa 12 eurokoa da, eta egunean bertan ordainduz gero 15 eurokoa. Federatuta ez daudenek 3 euro gehiago ordainduko dituzte asegururako.













