Gipuzkoako Ganberaren aitortza jaso dute Goierriko zenbait establezimenduk
Ordiziako Ness by Esti Garcia saltokia omendu dute Retail Euskal Eskola Saria kategorian. Lazkaoko Leiresh eta Zumarragako Julita mertzeriak ere ‘10 bitxiak’ saria jaso dute.
Screenshot Gipuzkoako Merkataritza Sarien ekitaldia egin zen joan den ostiralean Donostian, eta bertan, Gipuzkoako merkataritzaren alorrean erreferente diren proiektuen artean, Goierriko zenbait establezimendu saritu zituzten.
Ordiziako Ness by Esti Garcia saltokiak Gipuzkoako Ganberaren aitortza jaso zuen Retail Euskal Eskola Saria kategorian, etengabeko prestakuntzaren, berrikuntzaren eta hobekuntza jarraituaren alde egindako apustuagatik. Retail Euskal Eskolan izandako parte-hartzeagatik ere izan da aitortua: “Prestakuntza-ekintzak modu eredugarrian aplikatu ditu, merkataritza-sareari aktiboki lagundu dio eta sektorean lankidetza eta hobekuntza dinamikak sustatu ditu”.
10 bitxiak saria
Horrez gain, Gipuzkoako Ganberak “sarien esparrua lurralde osora zabaldu asmoz”, 10 bitxiak saria eman die Gipuzkoako 10 saltokiri, bakoitzak lurraldeko eskualde bana ordezkatuta. Goierri behean, Lazkaoko Leiresh saltokia aitortu dute, eta Goierri goran, berriz, Zumarragako Julita mertzeria. Kategoria honen helburua Gipuzkoako merkataritza lokalaren papera indartzea da, “motor ekonomiko eta sozial gisa”.













