Sendabelarrez beteta dator beste behin Arranoren ekaineko egitaraua
Asteazkenean kafe tertulia izango da 18:00etan, Eztizen Agirresarobe, Maider Lakarra eta Xabier Landarekin, Arrano Elkartean.
Eztizen Agirresarobe. Olio esentziala egiteko tailerra eskainiko du.Loinaz Agirre Azken urteetan bezala, aurten ere sendabelarrez beteta dator Arrano Kulturaren ekaineko egitaraua. Ekaina, sendabelarrak nahi adina izenburupean, sei ekitalditako egitaraua antolatu dute. Arrano Elkartean izango dira saio guztiak, irteerak izan ezik.
Lehen ekintza asteazkenean da, ekainaren 3an. Kafe tertulia izango da 18:00etan Eztizen Agirresarobe, Maider Lakarra (Mari Eder) eta Xabier Landarekin. Hurrengoa ekainaren 6an izango da. Sendabelarrak biltzeko irteera antolatu dute, 09:00etan plazatik irtenda, Xabier Landarekin. Ondoren, Mirari ukendu tailerra egingo dute elkartean.
Ekainaren 10ean, berriz, hortzetako orea eta ezpainetako baltsamoa egiteko tailerra izango da Izaskun Gurrutxagarekin, 18:00etan, eta ekainaren 17an alanbikearekin olio esentziala egiteko tailerra (18:00) Eztizen Agirresaroberekin.
Ekainaren 20an, sendabelarrak identifikatzeko irteera egingo dute Ainitze Salarekin, 09:00etan plazatik aterata, eta ondoren zazpi belarren ukendu tailerra elkartean. Egitarauko azken ekintza ekainaren 24an izango da. Desodorante naturala egiten irakatsiko du Maider Lakarrak (18:00).
Kafe tertuliarako ez da izenik eman behar. Gainontzeko ekintzetarako, bai, ordea. Plazak mugatuak direnez, arranoingurumena@hotmail.com helbidera idatzi behar dute parte hartu nahi dutenek. Jarduera bakoitzeko prezioa 5 eurokoa da (kafe tertulia izan ezik).













