Zaldibiak soilik jarraitzen du bizirik Herriartekoan
Zaldibia 2 eta 1 aurreratu zaio Adunari, eskuz; erremintan, Ordizia Andoainek kanporatu du eta Lazkao Debak.
Sukiak –sakean– eta Elizegik 22-17 irabazi zieten ostiralean Olasagasti-Zestauri afizionatu mailako partida.Iñaki Gurrutxaga Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketan parte hartzen hasi ziren Goierriko sei herrietatik bakarrak jarraitzen du lehian, Zaldibiak. Final-laurdenetako joanekoan, Zaldibiak hiru partidetatik bi irabazi dizkio Adunari Resti pilotalekuan, eta itzulikoak datorren asteburuan jokatu beharko dituzte etxetik kanpo.
Erremintan, Andoainek Ordizia kanporatu du (4-0) eta Debak Lazkao (3-1). Ibili motza egin dute Goierriko bi taldeek, final-laurdenetan ekin baitzioten txapelketari, eta lehen kanporaketan utzi dituzte txapelketatik kanpo.
Zaldibia finalerdiak gertu
Adunako frontoian datorren asteburuan jokatu dituzten partiden zain, Zaldibiak gertu du esku-huskako finalerdietako sailkapena. Kadeteetan, Mantzizidor-Arresek 20-22 galdu zuten Iparragirre-Barriolaren kontra; jubeniletan, Aranburu-Lopezek 22-2 hartu zituzten mendean Aburuza eta Zestau; eta afizionatuetan, Sukia-Elizegik 22-17 irabazi zieten Olasagasti-Zestauri. Ostiral iluntzean izan zen pilota jaialdia Zaldibian.
Ordizia eta Lazkao, kanporatuta
Ordiziak Andoainen kontra jokatutako lau partidak –joanekoak eta itzulikoak batuta– galdu ditu. Larunbat arratsaldean neurtu zituzten indarrak Beti-Alai pilotalekuan. Otegi-Luzuriaga bikoak 27-35 galdu zuen Ponce-Lopez de Munainen kontra pala motzean, eta Letamendia-Gonzalezek gauza bera egin zuten Iradi-Altunaren aurka pala motzean (40-37).
Lazkao, aldiz, etxean bi partida galduta joan zen igandean Debara, eta bi partidetatik bat irabazi zuen. Larruzko paletan, Andonegi-Andonegik 35-16 irabazi zieten Uranga-Etxeberriari. Pala motzean, Debakoak nagusitu ziren: Prieto-Badiola 40-24 Larrañaga-Irastorza.













