Aitamarren parkea, zegamarren oasia klima aldaketaren aurrean
Naturalizatzeko lanak amaituta, inaugurazioa egin dute gaur eguerdian. Lanek ia 47 mila euroko kostua izan dute eta hiru astetan egin. Aldundiko Jasangarritasun departamentuak sustatu du jarduera.
Gonzalo Sagarna (AR Consultores); Marina Besne, aldundiko teknikaria; Jose Ignacio Asensio, jasanagarritasun diputatua; Iker Zubeldia, Zegamako alkatea eta Eladio Perez (Parque y Jardines de Abadiano) Aitamarren parkean, gaur goizean.Josune Zarandona Aitamarren parkea naturalizatzeko eta bere funtzionaltasun ekologikoa hobetzeko lanak amaituta, inaugurazioa ekitaldia egin dute gaur Zegaman. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun departamentuaren diru laguntza izan du, eta lanek ia 47.000 euroko kostua izan dute. Inguruko biodibertsitatea indartu, hiri paisaia hobetu eta herrigunea klima aldaketaren aurrean egokitzeko helburua izan du jarduera honek. Iker Zubeldia Zegamako alkateak eta Jose Ignacio Asensio jasangarritasunerako diputatuak hartu dute parte agerraldian, besteak beste.
Aitamarren parkeak 3.830 metro koadroko azalera du eta Gipuzkoako azpiegitura berdeen sarearen eta aldundiak eta Naturklima Fundazioak sustatzen duten babesleku klimatikoen sarearen parte da. Gune honek muturreko bero gertakarien aurrean ingurune freskoagoa, naturalagoa eta erosoagoa eskainiko die aurrerantzean zegamarrei eta topagune, pasealeku eta bizilagunentzako aisialdi gune izaten jarraituko du, aldi berean.
Hiru astetako lanak
Jarduerak 46.978,25 euroko inbertsioa suposatu du eta Parque y Jardines de Abadiano enpresak egin ditu lanak AR Consultores en Medio Ambiente obra zuzendaritzapean eta hiru asteko epean garatu dira.
Aitamarren parkeko zuhaizti historikoa mantendu dute. Izeiak, haritzak, lizarrak eta ehun urtetik gorako zedroak ditu, besteak beste; baina, pixkanaka espezie autoktonoak landatuz ordezkatzea aurreikusi dute. Era berean, hildako edo hondatutako zuhaitzetako motzondoak kontserbatu dituzte «onddoak, intsektuak eta ekosistemarako onuragarriak diren espezieak babesteko habitat naturalak sortzen laguntzeko», AR Consultoreseko Gonzalo Sagarnak esan duenez. Espazio jasangarriago bat lortzeko bidean, «pinu azalen estalkia substratu natural batez ordezkatu» dute eta belardi naturalak lehenetsi dituzte ur, sega eta produktu kimikoen beharrak murrizteko.
Espazioak naturalizatzeaz
Tokiko belardietako berezko belar eta lore espezieak ereitea ere aurreikusita dute proiektuaren barruan, baita landare bizkorrak eta aurretik aipatu bezala, zuhaixka autoktonoak ere. Txertatutako espezieen artean «txilarrak, otsababak, lirioak, lilipak, haginak eta urkiak» nabarmendu ditu Sagarnak, «berdegune anitzagoa eta egungo klima baldintzetara egokitutako» eremua osatuz.
Parkearen irisgarritasuna hartu du aintzat Zubeldiak gaurko bisitaldian, «berez hortik sortu da proiektua, parkean irisgarritasuna bermatu nahi genuen, baina pixkanaka garatuz joan da eta berdeguneak eta intsektuentzako habitat egokiak gehitu dizkiogu», esan du. Leku berezia dela ere azpimarratu zuen, «garai batean jauregi bat zegoen, errota bat ere badago. Ez dugu hura berreskuratuko baina ukitu berezi bat eman diogu inguruari».
Jasangarritasun diputatuak hiri espazioak berreskuratzeko beharra azpimarratu du, «hauek naturalizatuz leku osasungarriagoak eta freskoagoak » lortzeko. Era berean, Gipuzkoako babesleku klimatikoen sareak egiten duen lana ere balioan jarri nahi izan du, «sareak aukera ematen du gero eta udalerri gehiagok herritarrak tenperaturen igoeratik babesteko eta hain bizi kalitatea hobetzeko prestatutako espazioak izan ditzaten», amaitu du.


























