Ekainaren 13an manifestazioa deitu du Palestinarekin Elkartasunak Beasainen, CAFeko Akziodunen Batzarraren testuinguruan
12:00etan abiatuko da manifestazioa Beasaingo plazatik. Palestinarekin Elkartasunaren ustez, CAFek erakutsi du, proiektua aurrera eramatearekin, "negozioaren zati bat mantendu ahal izateko palestinarren aurkako apartheidak eta genozidioak aurrera egin behar dutela".
Palestinarekin Elkartasunak CAFen lantegiko sarreran egindako agerraldia.Palestinarekin Elkartasuna Palestinarekin Elkartasuna dinamikak manifestazioa egingo du ekainaren 13an Beasainen, CAFeko Akziodunen Batzarraren testuinguruan. Agerraldia egin dute dinamikako hainbat kidek Beasaingo CAFen lantegiko sarrera nagusian mobilizazioen berri emateko.
Ekainaren 6tik 13ra BDS mugimenduak ekintza aste globala deitu du CAFen egoitzen inguruan ekimen askorekin. Beasaingoaz gain, ekainaren 4an eta 12an Zornotzako AIC ikerketa gunean mobilizatuko dira, ekainaren 6an fabrikazioa duen Irunen eta ekainaren 10ean Castejonen, CAFen filiala den Trenasan.
Ekainaren 13an Beasainen CAFeko Akziodunen Batzarra izango da, eta horren aurrean deitu dute manifestazioa, dinamikaren hitzetan “CAFen eta Eusko Jaurlaritzaren negozio kriminalak salatzeko, bertan banatuko duten dirua palestinarren odolez zikinduta dagoela ikustarazteko eta Israel garaitzera bidean, harreman konplize ororen aurka borrokatu behar dela aldarrikatzeko”. 12:00etan abiatuko da manifestazioa Beasaingo plazatik.
2023ko urritik ia 3 urte pasatu direnean, eta genozidioaren areagotzeak etenik ez duenean, “genozidioaren eta apartheidaren odolez zikindutako aberastasunak ere Euskal Herriko enpresari askoren eskuetan etenik ez” duela salatu du Palestinarekin Elkartasunak. CAF jarri du jomugan horien artean, eta akziodunen batzarra baliatuko dute aldarriak berriz ere kalera ateratzeko: “Urtez urte gora doazen etekin kriminalak akziodunen artean banatuko dituzte, eta enpresaren proiektuak eta kontuak ontzat emango dituzte. Jakina da CAF enpresak Shapir enpresa israeldarrarekin batera negozioak egiten dituela, eta Tel Aviveko eta Jerusalemgo tranbiak eraikitzeko kontratu milioidunak dituela”.
Euskal enpresa ereduaz
CAFek “estatu genozidaren kolonizazio proiektua egonkortzen laguntzen” duela argi dute dinamikako kideek, “Israelgo enpresak eta kolonizazioaren ekonomia indartzen dituelako, Israel azpiegitura iraunkorrez hornitzen duelako, eta bereziki Palestinar lurren okupazioari behin-betikotasun bermea ematen diolako, kolonia sionistak elkarren artean eta Jerusalemgo hirigunearekin lotuz, eta palestinarrak isolatuz”. Bide horretatik, gogora ekarri dute Nazio Batuen Erakundeak CAF okupazioari lagundu eta etekina ateratzen dioten enpresen datu basean sartu zuela, eta gizarte zibileko zazpi erakundek administrazio kontseiluaren aurka Espainiako Fiskaltzan salaketa jarri zutela.
Palestinarekin Elkartasunaren ustez, CAFek erakutsi du, proiektua aurrera eramatearekin, “negozioaren zati bat mantendu ahal izateko palestinarren aurkako apartheidak eta genozidioak aurrera egin behar dutela”, eta salatu du hori dela “saldu nahi duten euskal enpresa eredua, ustez aurrerakoiagoa eta justuagoa”.
Eusko Jaurlaritzaren parte hartzea
Eusko Jaurlaritzak CAFen akzioen %3a duela eta modu horretan “Jaurlaritza ere CAFen kontratu kriminalen erantzulea” dela adierazi dute: “Are larriagoa da hori diru publikoarekin egiten duen heinean, euskal gizartearen zati handi bat proiektu horien aurka dagoen arren”.
Israelgo estatuarekiko konplizitatea erakusten duten enpresa eta erakundeengan jarri dute arreta, eta CAFeko Akziodunen Batzarraren testuinguruan egingo duten manifestaziora joateko dei egin dute: “CAFeko zuzendaritzaren eta herri palestinarraren artean, argi izan behar dugu noren alde gauden eta noren aurka, biak ez baitira bateragarriak”.













