Haurren irakurketa kluberako izen-ematea ireki dute
Mireia Delgadok zuzenduko du hirugarren edizioa ere. Bla, bla, bla... Liburuak hankaz gora! izenarekin, LH4, LH5 eta LH6 mailetako ikasleei dago zuzenduta.
Legazpiko Udal Liburutegiak ireki du haurren irakurketa klubaren ikasturte berrirako izen-ematea. LH4, LH5 eta LH6 mailetako ikasleei dago zuzenduta, euskaraz izango da, eta Mireia Delgadok gidatuko ditu saioak.
Liburutegian bertan eman daiteke izena ekaina osoan zehar. Informazio gehiago ere bertan eskuratu daiteke, edo 943 73 71 86 telefono zenbakira deituta.
Haurrentzako irakurketa kluba irakurzaletasuna sustatzeko jarduera bat da. Irudimena eta sormena sustatzea du helburu, eta talde dinamiken bidez, baita lexikoa eta adierazpen moduak hobetzea ere. Horrekin guztiarekin, haurra gehiago sozializatzen da, eta, ondorioz, inguruarekin hobeto komunikatzen da.
Hirugarren ikasturtea
Bla, bla, bla… Liburuak hankaz gora! jarri diote izena Legazpiko klub honi, eta egun hauetan bigarren ikasturtea amaitzen ari da. Lehen ikasturtean LH3 eta LH4ko ikasleak aritu ziren, mailaka, bi taldetan. Joan den ikasturtean talde bakarra osatu dute, LH4 eta LH5eko ikasleek, eta edizio berria LH4, LH5 eta LH6 mailetako haurrentzat izango da.
Mireia Delgadok liburuekiko, irakurketarekiko, kulturarekiko, artearekiko eta istorioekiko grinak ardaztuko ditu saioetan. “Hain zuzen ere, grina hori bizirik mantentzea izango da helburua, eta desaktibatuta dagoen kasuetan, berriro pizteko bidea marraztuko du”.
“Letren harietatik jolastuz eta liburuak, poemak, komikiak, aho korapiloak eta eskulan-literarioak aitzakia hartuta, irakurmenari, eta zeharka idazmenari, ahozkotasunari eta literaturari, kili-kili egingo diogu”.
Irakurketa eta liburua bera “plazer iturri bezala ulertzeko jolas andana” burutuko dute.













