Urdaibai ingurura mendi irteera eta orientazio probak Kimu-Berrin, iganderako Izadi Zaleak elkarteak egindako proposamenak
Goizean goiz irten, 19 kilometroko ibilbidea egin eta bazkalondoren itzuliko dira mendizaleak. Bigarren plana Legazpin bertan egitekoa da, Kimu Berri aterpearen inguruan. Izena eman behar da bietarako, gaur eta ostegunean, elkartean bertan
Izadi Zaleak elkarteak mendi irteera berria antolatu du, oraingoan Bizkai aldera. Igande honetan, ekainak 7, Bizkaiko Urdaibai ingurura joango dira, paraje horretako mendi tontorrak ezagutzeko. Joan nahi dutenek izena eman behar dute gaur asteartea eta ostegunean, 18:30etik 19:30era bitartean, elkartean bertan, edo 943 73 11 68 telefono zenbakira mezu bat bidalita.
Goizean goiz aterata, bazkalondoan itzuliko dira mendizaleak. Irteera 07:00ean izango da, Izadi Zaleak elkarte paretik. Proposatutako ibilbidea Basondo-Ereñozar-Atxarre-Ogoño-Elantxobe da. Guztira 19 kilometroko ibilbidea da, eta 990 metroko desnibelekoa.
Informazio gehiago eta ibilbidearen xehetasunak izadi-zaleak.eus webgunean daude.
Orientazio hastapenak
Iganderako bestelako plana ere proposatu du Izadi Zaleak elkarteak, honako hau Legazpin bertan egiteko. Mendiko orientazioa ikasteko aukera izango da goizean, Kimu Berri aterpearen inguruan. Haurrei eta helduei zuzendutako jarduera da, eta ez da aurreko ezagutzarik behar.
Mapa eta iparrorratzaren oinarrizko ezagutza erakutsiko dute lehenik, eta ondoren orientazioa praktikatzeko ibilbide bat izango dute partaideek. Taldeka egingo dute lan, ibilbide horretan ezkutatutako balizak topatzeko. Denbora gutxienean bukatzen duen taldea izango da irabazlea.
Hitzordua 09:00etan izango da, elkarte parean, Ardanbidetaraino mendi paseoa eginez igotzeko. Han, 11:00etan elkartuko dira Kimu Berri aterpean













