'Hutsune handi bat', berriz ere Latxartegin ekainaren 10ean
Beti Gazte elkarteak antolatutako emanaldi berrirako sarrerak Latxartegin bertan salduko dira, 18:00etan hasita. Dokumentalak Urretxu-Zumarragan drogak eta HIESak izan zuen eragina aztertzen du, hainbat herritarren testigantzen bidez.
Urretxu eta Zumarraga hain gertu daude Legazpitik, bi herri horiek 1980-90 hamarkadetan astindu zituen drogaren eta HIESaren arazoak legazpiarrak ere ukitu zituela, eta oraindik ukitzen dituela. Horregatik bete zen atzo goraino Latxartegi aretoa, gai horren inguruan Anne Zufiaurrek eta Gattiken ekoiztetxeko Alex Areizagak osatutako Hutsune handi bat dokumentalaren emanaldiak.
Jendea sarrerarik gabe geratu zenez, emanaldia antolatu zuen Beti Gazte Animakzio elkarteak bigarren proiekzio bat egitea erabaki du, eta hori ekainaren 10ean izango da, 19:00etan, Latxartegin hori ere. Oraingo honetan sarrerak Latxartegiko leihatilan salduko dituzte, 6 euroan, 18:00etan hasita.
Droga eta HIESa Urretxun eta Zumarragan
Hutsune handi bat dokumentalak Zufiaurrek 2018an Deustuko Unibertsitatean aurkeztu zuen gradu amaierako lana du oinarri: Heroina eta HIESa Zumarragan eta Urretxun 80-90 urteetan. Lan akademiko hark ohorezko matrikula lortu zuen eta dokumental formatuan ikerketa zabalago bat egiteko abiapuntua izan zen. Zufiaurre Gattiken ekoiztetxearekin jarri zen harremanetan proiektua aurrera eramateko, eta emaitza, martxoaren 12an Zumarragako Zelai Arizti aretoan estreinatu zuten Hutsune handi bat lana izan zen.
Dokumentalak bi herrietako bizilagunen testigantzak jasotzen ditu, bai eta urte haietan gaixoei eta familiei laguntza eman zieten mediku, profesional eta adituenak ere.
Zelai Ariztin hainbatetan eman eta gero, beste herri batzuetan emanaldi bira ari da egiten orain. Atzo Legazpiko txanda izan zen, eta bertan Gattiken ekoiztetxeko Aritz Ormazabal izan zen, lana aurkezten; irudiaren atalaz arduratu da Ormazabal dokumentalean. Amaieran, Anne Zufiaurrek lanaren gorabeherak azaldu zituen, eta drogak eta HIESak Legazpiko ondoko bi herri horietan 115 heriotza eragiteraino izan zuen ondorioez hitz egin zuen.
















