Zeraingo meategia eta Mirandaolako burdinola bisita konbinatuan ikusteko aukera, igandean
Bi txanda izango dira, 10:30ean hasita euskaraz eta 11:30ean gaztelaniaz. Bi herrien arteko biddea norberaren autoan egin beharko da. Izena eman behar da.
Zeraingo turismo bulegoak eta Legazpiko Lenbur Fundazioak antolatuta, Zeraingo meategi historikoak eta Mirandaolako burdinola lotzen dituen esperientziaz gozatzeko aukera izango da igande honetan. Bisita konbinatuak Aizpeako Meategia eta Mirandaolako burdinola uztartuko ditu, eta bi txanda izango dira
Lehen txanda euskaraz izango da, eta 10:30ean Aizpeako meategietan izango da hitzordua hasteko, eta 12:30ean burdinolan. Bigarren txanda gaztelaniaz izango da, eta 11:30ean hasiko da Aizpean, eta 13:30ean burdinolan. Bi bisiten artean, herri batetik besterako bidaia norberaren autoan egin beharko da.
Bisita konbinatuaren prezioa 10 eurokoa da, antolatzaileen azaldu dutenez “prezio berezia” da, “garrantzi handiko eta Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen parte diren bi ondare-gune lotzen dituen esperientzia bakar honetarako bakarrik diseinatua”.
Ezinbestekoa da ordua erreserbatzea mirandaola@lenbur.com edo turismobulegoa@zerain.eus helbideetan, edo 943 73 04 28 eta 943 80 15 05 telefono zenbakietan.
Bisita konbinatua honetan Zeraindik ateratako burdin minerala Legazpiko burdinoletaraino nola garraiatzen zen ezagutzeko ibilbidea emango da ezagutzera, “mende batzuk lehenago, gure arbasoen eguneroko bizitzarako eta lanerako ezinbesteko burdin bihurtzen zena”.
Aizpeako meatze-barrutian hasiko da, Burdinaren Mendia delakoan, “Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren bihotzean dagoen gune natural eta historiko ikusgarrian”. Galerietan, antzinako meatze bideetan eta ustiategien hondarretan barrena, Erdi Arotik eta Aro Modernotik minerala nola erauzten zen ezagutuko dute bisitariek, baita jarduera horrek eskualde osoko paisaia, ekonomia eta bizimodua sakonki nola markatu zituen ere. Mineral hori Legazpiko burdinoletara artadietako bideetatik edo peabideetatik iristen zen.
Bisitak Mirandaolako burdinolan jarraituko du, eta bertan “burdinak bizia hartuko du”. Han, meategietan ateratako minerala uraren indarraren, suaren eta olagizonen ezagutzaren bidez nola eraldatzen zen erakutsiko da. Mailu erraldoiaren hotsak eta antzinako makineria martxan jartzeak euskal historiako lanbide garrantzitsuenetako bat ulertzeko aukera emango dute. Gainera, sutan erretako txistorraz, baserriko ogiz eta sagardoz osatutako olagizon-pintxoarekin amaituko da bizipena..
Ibilbidean zehar parte-hartzaileek elkarrekin estu lotutako bi eremu konektatu ahal izango dituzte: mendia eta burdinola, jatorria eta eraldaketa, erauzketa eta artisau lana. “Aukera aparta” da “burdinak gure lurraldearen garapen industrial, sozial eta kulturalean izan zuen garrantzia ulertzeko”.
Jarduera honek ondare industriala, paisaia, memoria historikoa eta tradizioa batzen ditu, burdina bailarako motor handienetako bat bihurtu zuten belaunaldi askoren lanari eta gaitasun teknikoari aitortza eginez.













