Dantzari Txiki Eguna izango da igandean Lazkaon
Zortzi dantza talde bilduko dira: Oin Arin, Irrintzi, Goruntz, Aurtzaka, Tobera, Amets Bide, Axari eta Berriztasuna.
2025eko Lazkaoko Dantzari Txiki Eguna.Lide Egizala Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute Lazkaon datorren igandean. Zortzi dantza talde bilduko dira: Herriko Oin Arin, Zumarraga-Urretxuko Irrintzi, Gabiriako Goruntz, Beasaingo Aurtzaka, Segura-Zegama-Zerain-Mutiloako Tobera, Ordiziako Amets Bide, Idiazabalgo Axari eta Portugaleteko Berriztasuna.
Eguna hasteko dantzariei ongi-etorria egingo zaie, eta hamaiketakoa emango diete Lazkaoko plazan, 10:30ean. Ondoren, herritik kalejira egingo dute bi ibilbideetan banatuta eta gune jakin batzuetan dantza saioak eginez, 11:00etan hasita bi orduz.
Lazkaotik dantzan
Ibilbide batean Areria Kulturgunetik, Txindoki egoitzatik eta Hirigoien plazatik igaroko dira. Bestean, berriz, Elosegi-Iturrialdea, Lazkao Txiki zelaia eta Areso 24-26 guneetan dantzan ibiliko dira. Ondoren, denak plazara zuzenduko dira. Dantzarien alardea 13:00etan izango da. Hor, dantza talde guztiak Lazkaoko plazan elkartuko dira eta dantza ezberdinak egingo dituzte: Ikurrin dantza, agurra, zazpi jauzi, txankarranko, fandangoa, arin-arina eta Kalejira.
Dantzariek bazkaria izango dute plazan, 14:00etan. Bazkalostean jolasak egongo dira, eta Olgetan erromeriak emango dio egunari itxiera, 16:30etik 18:00etara.













