Ekaina bete kultura, Ormaiztegin
Berjaldegiko jaiak eta Gazte Egunak emango diote hasiera zikloari asteburu honetan. Kulturarteko festa eta bertako artisauen azoka ekainaren 14an izango da aurten.
Berjaldegi auzoko bizilagunak iazko festako bazkarian. Arkaitz Apalategi Berjaldegi auzoko jaiek emango diote hasiera bihar arratsaldean Ormaiztegiko Ekain Kulturala zikloari. Ekainaren 17ra bitartean luzatuko da egitaraua aurten. Urteroko ekintzez gain, berritasunen bat edo beste ere izango da aurtengo eskaintzan.
Laugarren urtez ospatuko dute Berjaldegiko bizilagunek auzoko festa. 2023an egin zuten lehenengoa, auzoa sortu zeneko 50. urteurrenaren harira. Data berean egokitu da, halaber, herriko gazteen V. Gazte Eguna ere, larunbatean. Eta asteburua borobiltzeko, Orekatu oreka eskolaren eskutik aeroyoga, slackline, malabareak eta oreka jolasetan zailtzeko saioa izango da igandean, 17:00etatik 19:00etara eskola aurreko arboladian.
Kultur proposamenek ez dute etenik izango aste barruan ere. Goierriko hainbat lekutan arrakasta handia izaten ari den Hutsune handi bat astelehenean gizarte etxean ikusteko aukera izango da Ormaiztegin. Anne Zufiaurreren eta Alex Areizagaren lana da eta heroinak eta HIESak Zumarragan eta Urretxun eragindako 115 heriotzak eta suntsitutako milaka bizitzak gogoratzen ditu dokumentalak. Sarrera doakoa da, baina kultura@ormaiztegi.eus-en izena eman behar da aurretik.
Iban Materen bisita
Beste urte batzuetan bezala, Iban Mate adituak ardo dastaketa gidatuko du ekainaren 9an, 19:00etan karpan. Plazak mugatuak dira eta izen emateak 10 euroko kostua du. Kultura sailera idatzita eman behar da izena parte hartzeko. Secundino Esnaola musika eskolako ikasleen ikasturte amaierako kontzertuak, —ekainak 11, 18:00— eta herri eskolako festak —ekainak 12, 17:00etatik aurrera— osatuko dute astean zeharreko egitaraua.
Datorren asteburuari begira, Ekain Kulturala zikloko hainbat klasiko. Erreka egunean, Eztanda erreka auzolanean garbituko dute ekainaren 13an. Udaletxe aurrean elkartuko dira 10:30ean eta amaieran hamaiketakoa izango da. Izen ematea irekita dago jada, ekainaren 10era arte. Ormazitegi Lorez sariketarako izen ematea ere egun berean amaituko da, eta ekainaren 15etik 20ra egingo da ikuskaritza. Amaitzeko, Kulturarteko festa eta Bertako artisauen azoka ekainaren 14an izango da.
Ikusi egitaraua osorik.














