Eskola jangela eredu propioaren alde sinadura bilketa hasi dute
Goierriko lau guraso elkartek bat egin dute sinadura bilketarekin. Ekainaren 11rako tokian tokiko ekimenak antolatzera deitu dute.
Eskola jangela eredu propioaren aldeko lapikokada aurreko ostegunean, Zaldibian.Ausa Gaztelu Guraso Elkartea Goierriko lau guraso elkartek babesa eman diote EAEko eskola jantokien eredua eraldatzeko sinadura bilketari. Ekainaren 11a izango da sinatzeko azken eguna.
Zaldibiako Ausa Gaztelu Guraso Elkartea, Ordiziako Urdanetarrak Guraso Elkartea, Legorretako Ugarotarrak Guraso Elkartea eta Beasaingo Ugartemendi Guraso Elkartea izan dira egitasmoaren bultzatzaileetako batzuk, EAEko beste familia elkarte eta plataforma batzuekin batera. Hurrena dagoen helbidean dago sinatzeko esteka: https://labur.eus/sukaldeakSinadurak.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu diote jantokietan sistema «publiko, bidezko eta jasangarri» baterantz aurrera egiteko neurriak hartzea. Ezarri nahi duten sistema, ordea, «lan-prekarietatean» eta «elikagaien kalitatearen galeran» oinarritzen dela adierazi dute.
Aldarrikapen nagusi hauek egiten dituzte: sukalde propioak behar dituzten ikastetxe guztietan ezartzea, eta hala eskatzen duten ikastetxeetan kudeaketa eredu alternatiboak ahalbidetzea; tokiko, sasoiko eta osasungarria den elikadura bermatzea; eskola-jantokien kudeaketa publiko, gardena eta parte-hartzailea sustatzea; azkenik, jantokietako langileentzako lan baldintza duinak bermatzea, besteak beste egonkortasuna, soldata justuak eta aitortza profesionala.
Elkarteen ustez, jantokia «ez da zerbitzu osagarri hutsa». Aitzitik, «hezkuntza, bizikidetza eta ohitura jasangarriak sustatzeko espazio estrategikoa» da.
Jangela ereduari kritikak
Plataformek Hezkuntza Sailari «benetako negoziazio prozesu bat» irekitzeko eskatu diote, eta ohartarazi dute borondate politikorik ezean «mobilizazio» sozialarekin jarraituko dutela.
Denon Eskolak-en eta BIGEn arabera eskola-jantokien plegu berriek eredu «industrializatu eta kanporatua» mantentzen dute: «Ez dute hezkuntza komunitatearen benetako parte-hartzerik sustatzen». Gasteizko Eskolen Sukalde Plataformako ordezkari batzuk Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean izan ziren aldarrikapen horiek egiten ekainaren 1ean.
Ekainak 11rako deialdia
Plataformen iritziz, egungo sistemak «catering-enpresa» handien interesak lehenesten ditu jantokien «hezkuntza» funtzioaren gainetik. Horregatik, Gure Platera Gure Aukera plataformak ekainaren 11rako guraso elkarte guztiei eta hezkuntza komunitate «osoari» dei egin die tokian tokiko ekimenak antolatzera.













