Irailaren 19an ospatuko da Goierri Raid orientazio proba Idiazabalen
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten erronka Kirol Astearen egitarauren barruan.
Goierri Raid-aren aurkezpen ekitaldia, atzo, Idiazabalen.Idiazabalgo Udala Lehenengo aldiz hartuko du Idiazabalek Goierri Raid orientazio proba datorren irailaren 19an. Hala eman zuten jakitera atzo arratsaldean, Kirol Asteko egitarauaren barruan, Idiazabalgo udaletxean egin zuten aurkezpenean.
Goierri Raid orientazio kirolean oinarritutako proba bat izango da. Funtsean, ahalik eta denbora gutxienean ibilbide bat osatzea da orientazio kirolaren helburu nagusia; mapa bat eta iparrorratza bakarrik erabilita eta mapan adierazita dauden puntu edo kontrolgune batzuetatik igaroz.
Taldean egiteko erronka
Idiazabalen jokatuko den Goierri Raid-ari 9:00etan emango diote hasiera irailaren 19an, eta zortzi bat orduko iraupena izango du. 50 kilometroko eta 2.000 metroko desnibela izango duen ibilbide bat osatu beharko dute parte hartzaileek. Parte hartzea taldeka izango da, 2 edo 3 pertsona gehienez. Taldeak emakumezkoenak, gizonezkoenak edo mistoak izan daitezke.
Kirol arloari dgaokionean, hiru modalitatetan airtu beharko dira parte hartzaileak raid-eko ibilbidean zehar: eskalada edo rapel proban, trekking-a eta BTTan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, eskalada eta rapel probak “bereziak” izango dira, “edozeinek egiteko modukoak”. Bi trekking ezberdin ere prestatuta dituzte, “lehenengoa lineala eta bigarrena zirkularra”. Amaitzeko, “bizkletan egiteko beste bi sektore ere izango dira, linealak, trantsizio artean mugitzeko”. Bide “oso errazak” izango direla aurreratu dute, baina, “bizikleta bultzatzeko” aukera ere egongo da tarte txiki batzuetan.
Izen emeatea dagoeneko irekita dago rockthesport.com web gunean. Taldekako izen emateak 40 euroko kostua du eta irailaren 11ko gauerdira bitarte egongo da zabalik.













