Legazpin bi desfibriladore gehiago daude
Udalak Kale Nagusian eta Laubideko oinezko gunean jarri ditu, informazio panelen ondoan. Gailu berriak eguneko 24 orduetan daude erabilgarri. Erabiltzeko errazak diren arren, ikastaro bat egingo dute nola erabili erakusteko.
Legazpik kanpoko bi desfibriladore automatiko edo KDA berri ditu. Udalak “herriko bi puntu estrategikoetan” instalatu berri ditu, Kale Nagusian eta Laubideko oinezko gunean, informazio panelen zutoinetan. “Segurtasuna indartzea eta bihotz-biriketako larrialdien aurrean erantzun azkarra eman ahal izatea” da bi gailu berrien instalazioen helburua. Eguneko 24 orduetan daude erabilgarri, herritarrek une oro eskura izan ditzaten.
Kalean jarritako gailu berri hauekin, zabaldu egin da Legazpiko bihotz-babestutako guneen sarea. Aurretik ere bazeuden hainbat desfibriladore herrian. Udaletxean, Eguneko Zentroan, kiroldegian eta futbol zelaian bana daude, baina zerbitzuen ordutegien barruan bakarrik erabili daitezke. Udaltzaingoak ere bat darama bere ibilgailuan. Gainera, herriko hainbat enpresatan ere badituzte, barne erabilerarako.
Erabilera errazeko gailuak
Udal ordezkariek azaldu dutenez, desfibriladore berriak “herritarren babeserako” jarri dituzte, larrialdi baten aurrean lehen laguntza emateko aukera izan dezaten. Hala ere, gogorarazi dute horrelako egoera baten aurrean 112 larrialdi zerbitzura deitu behar dela veti lehenik.
Osasun profesionalak iritsi bitartean desfibriladore bat erabilita ondoezik dagoen pertsonaren bizitza salbatzeko aukera handitu daitekeela gehitu dute, eta funtsezkoa izan daitekeela denbora irabazteko. Osakidetzaren Ayuda a la Parada Cardiaca aplikazioaren bidez lokalizatu daitezke desfibriladoreak.
Tresna hauen erabilera “erraza eta intuitiboa” dela ere adierazi dute, baina ikastaro ireki bat antolatuko dute nola erabili erakusteko. Oraindik ez dute datarik zehaztu.
Udalaren helburua da herria gero eta seguruagoa izatea eta bihotz-biriketako larrialdien aurrean herritarrek ahalik eta baliabide gehien izatea. Kanpoko Desfibriladore Automatikoen sarea zabalduta, Legazpik “beste urrats bat egin du osasunaren, prebentzioaren eta herritarren ongizatearen alde”.











