32. Kimetzen Kontaketa lehiaketak baditu irabazleak
Euskarazko saria Nerea Sorondo tolosarrak jaso du, eta erderazkoa, berriz, Emmanuel Martos sevillarrak.
Ordiziako Kimetz emakume elkartearen 32. Kimetz Kontaketa Lehiaketako sariak banatu zituzten ostiral iluntzean udaletxeko areto nagusian. Aurtengoan ere parte-hartze handia izan dela jakinarazi du udalak, 423 ipuin aurkeztu baitira.
Euskaraz idatzitako hamaika lanen artean saritua, Nerea Sorondo Andueza tolosarraren Minaren kartografia izan da.
Gaztelerazko kategorian, berriz, 412 lan jaso dituzte eta irabazlea Emmanuel Guerra Martos sevillarraren La mujer que aprendió a faltar izan da.
Aurtengo epaimahaia, berriz, Luisa Etxenikek, Eli Tolaretxipik eta Felipe Juaristik osatu dute. Idazleak dira denak eta aurkeztutako lanen kalitatea eta aniztasuna azpimarratu nahi izan dute.













