Irizar e-mobilityk Irizar ie tram Efficient berria aurkeztu du Parisen
Konpainiak Mobco azoka aukeratu du "bere modelorik ikonikoetako bat" primizian aurkezteko, Paris Expo Porte de Versailles barrutian.
Irizar e-mobilityk Parisen aurkeztu duen Irizar ie tram Efficient berria. Irizar Irizar ie tram berria Efficient gamakoa da, Irizar ie bus Efficienten arrastoari jarraituz egindakoa, eta “hiri askotan joera markatu duen ibilgailu baten bilakaeran aurrerapauso bat” dakarrela dio Irizar konpainiak.
“Ibilgailu erabat berria eta berritua da, 2011z gero eskuratu dugun know-howan oinarrituta garatu duguna, eta Europako 55 hiritan egindako 200 milioitik gora kilometroren bermea duena. Hala, ibilgailu are eraginkorragoa, fidagarriagoa, seguruagoa, irisgarriagoa eta egungo hiri inguruneetako premia errealetara egokitua eskaini nahi izan dugu”, nabarmendu du.
Hona deskribatzen du Irizar e-Mobilityk modelo berria:
Eraginkortasuna
Efficient plataformaren parte denez gero, Irizar ie tram berriak “Irizar ie bus Efficient proiektuan ezarritako berrikuntza eta hobekuntza guztiak” dauzka. “Besteak beste, energia kontsumoa %10eraino murriztu da, pisua 1.000 kg inguru murriztu da, klimatizazio sistema eraginkorrago bat dauka, motor trinkoagoa, punta-puntako bateriak, eta jatorri birziklatuko materialen erabileran %50eko hazkundea izan du. Eta hori guztia merkatuko araudi zorrotzenak betez eta segurtasun estandar gorenak bermatuz”.
Ergonomia
Aurrerapen teknologiko nagusien artean, nabarmentzekoa da aurrealdearen birdiseinu osoa: ikusgaitasuna hobetu, eta ikuspegi panoramikoa eskaintzen du. Gainera, gidariaren postua Alemaniako erreferentziazko VDV araudiaren arabera diseinatu da.
Fidagarritasuna, erabilgarritasuna eta iraunkortasuna
Ibilgailu berri honek belaunaldi berriko txasis bat du, fidagarritasuna optimizatzeko diseinatua. Aldi berean, lan handia egin da ibilgailuaren fidagarritasuna eta iraunkortasuna indartzeko, helburu argi batekin: konpromisoen beharrik gabe aritzeko gai den soluzio bat garatzea. Ezaugarri horren arabera, erabilgarritasun optimoa lortzen da zerbitzu baldintza errealetan.
Eguneroko mantentze lanen garrantzia aintzat hartuta, Irizar e-mobilityk azterketa bat egin du, kostuak eta mantentze denborak murrizteko. “Horren ondorioz, ibilgailuetarako sarbideetan hobekuntza garrantzitsuak egin ditu, eta, orain, errazagoa da karrozeriako elementuak ordezkatzea”.

Irizar e-mobilityk Parisen aurkeztu duen Irizar ie tram Efficient berria.Irizar
Irisgarritasuna eta erosotasuna
Irisgarritasuna izan da garapenaren beste ardatz nagusietako bat. Ate guztiak zabalagoak dira orain; hala, pertsona guztiek izango dute erosoago eta bizkorrago sartzeko aukera. Gainera, ibilgailu berri hau arinagoa da altuera murriztu zaiolako, eta, horri esker, altuera mugatua duten gune historikoetara eta hiriguneetara arazorik gabe sar daiteke. Bidaiarientzako edukiera handiagoa (%5) eta barrualde argitsuagoa ere eskaintzen ditu, eta, horregatik, erosoago bidaiatu ahal izango da.
Konektibitatea eta digitalizazioa
Irizar ie tram berriak araudi eta erregelamendu berrienen arabera diseinatutako datu eredu bat du, eragiketa behar errealekin lerrokatua eta egituratua. Eguneroko eragiketako baldintza guztiak modu koherentean integratzen ditu, eta, hala, plug & play inplementazioa ahalbidetu, eta lehendik dauden eragiketa sistemekiko integrazioa gaitzen du. “Irizar e-mobilityk elektromugikortasunaren arloan daukan 15 urtetik gorako esperientziari esker, simulazioan eta bere plataformetako biki digitaletan aurrerapen garrantzitsuak egiten jarraitzen du. Gaitasun horiek direla-eta ibilgailu berri honen diseinuaren xehetasun bakoitza optimizatu da, eta soluzio eraginkorragoak, errendimendu handiagokoak eta ingurunean inpaktu txikiagoa dutenak bultzatu dira”.
‘WOW’ efektua
Diseinuari dagokionez, belaunaldi berri honetan ere, Irizar ie tram autobusaren “nortasun berezia” mantendu da. “Kanpoko diseinuak, hiri modernoak liluratuta utzi dituenak, bere horretan jarraitzen du: itxura dotore eta abangoardista eskaintzen du, berrikuntzaren eta teknologiaren sinonimo. Irizar ie tram Efficient berriak bere tokia lortu du merkatuan, eta aukera aproposa bihurtu da garraio publikoa modu jasangarri, eraginkor eta seguruan modernizatu nahi duten hirientzat”.
Irizar ie tram Efficient berria merkaturatuta, Irizar e‑mobilityk “jauzi bat eman du berrikuntza eta teknologiari dagokienez”, eta “hiri garraioaren eraldaketarekin duen konpromisoa indartu” du. “Izan ere, beti izan du helburutzat hiri jasangarriagoak, bizigarriagoak eta pertsonak ardatz izango dituzten hiriak sortzen laguntzea”.













