Lagunarteko errugbi tokata txapelketa larunbatean jokatuko da
Hamahirugarren edizioa da. Launa taldeko lau multzotan banatuta, 16 talde lehiatuko dira.
Meridiano taldeak irabazi zuen iaz Errugbi Tokata txapelketa.ORE Lagunarteko errugbi tokata txapelketa larunbatean jokatuko da Ordizian. Errugbi modalitate bat da tokata. Plakaketarik ez dago eta, aurkaria ukituz gero, taldeak baloia berreskuratuko du. 13. edizioa izango da aurtengoa, eta ohi bezala hamasei taldeen parte hartzea izango da. Launa taldeko lau multzo ezberdinetan banatuta, goizeko 10:00etan hasiko dira partidak, eta finala, berriz, arratsaldean jokatuko dela esan du Alain Araña ekimenaren antolatzaileak, 16:00etan hasita.
Hasierako fasea goizean zehar jokatuko da; talde bakoitzak hiruna partida jokatuko ditu, eta eguerdira arte luzatuko dira. Arratsaldeko faseari ekin aurretik, bazkaltzeko denbora izango dute parte-hartzaile guztiek. Horretarako, iaz egin zuten moduan, talde bakoitzari pack bana emango zaiela jakinarazi du Arañak, eta ordubeteko tartea izango dute mokadua egiteko. 14:00etan ekingo diote berriz lehiari, urrezko, zilarrezko, brontzezko eta egurrezko goilara multzoetako final erdiak eta finalak jokatuko dira.
Errugbiaren festak herrigunean jarraituko du 18:00etatik aurrera, tabernaz taberna egingo dute poteoan. Ohiko modura, herriko taberna laguntzaileetan sariak banatuko dituzte; sari bereziak ere izango direla aurreratu du Arañak.













