Urretxuko Santa Anastasia jaiak, Adimen Artifizialik gabe hobe
Santa Anastasia jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketan, Adimen Artifizialaren erabilpena debekatu dute.
Adimen Artifiziala gora eta Adimen Artifiziala behera. Martxa honetan, igogailuan ere, eguraldiari buruz hitz egin beharrean, Adimen Artifizialari buruz hitz egingo dugu. Jan egin behar gaituela dirudi eta gure udalak ere horren inguruko erabakiak hartzen hasi dira dagoeneko.
Urretxun, adibidez, Santa Anastasia jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketan, Adimen Artifizialaren erabilpena debekatu dute. Gainera, azalean jaietako giro alaia islatzea nahi dute. Urretxuko jaiak natural-naturalak direla, alegia.
Proposamenek jaiek komunitatean alaitasuna eta bizitasuna transmititzeko duten gaitasuna bereziki islatu behar dute: kolorea, giroa, parte hartzea eta energia bizia.
Lehiaketan parte hartu ahal izango du nahi duen pertsona orok, eta egile bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu. Lanek originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, eta ezingo dira Adimen Artifizialaren bidez sortuak izan. Teknika ugari onartuko dira: diseinu digitala, ilustrazioa, marrazkia, collagea, pintura, argazkigintza, fotomuntaketa, grabatua, akuarela, teknika mistoa, errotulazioa, konposizio tipografikoa edo bestelako teknika plastiko edo grafikoak.
Aurkeztutako lanek honako testua jaso beharko dute: Urretxuko Jaiak 2026 Santa Anastasia. Era berean, irudiak genero irudikapenean oreka bilatu beharko du, rol eta estereotipo tradizionalak indartu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu aukeraren arloko diferentzien tratamendu gutxiesgarria saihestuz. Ez da onartuko aldarrikapen sexistarik edo politikorik, ezta alkoholaren edo drogen kontsumoarekin lotutako mezurik, irudirik edo bestelako elementurik ere.
Lanak ekainaren 26ko 20:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira, kultur etxean (Jauregi 19, 20700 Urretxu). Lanen neurria 21 zentimetro altueran eta 22,5 zentimetro zabaleran izango da, eta atzealdean 30×35 zentimetroko kartulina batez indartuta aurkeztu beharko dira.
Lehiaketak 300 euroko sari bakarra izango du. Lan irabazlea Urretxuko Udalaren esku geratuko da, eta udalak izango ditu hura inprimatu, argitaratu, ezagutarazi eta erabiltzeko eskubideak. Epaimahaiak uztailean jakinaraziko du erabakia, aurrez iragarriko den data batean, kultur etxean egingo den sari banaketan.
Erakusketa
Aurkeztutako lanekin erakusketa egiteko aukera ere aurreikusten da. Lan irabazlea, eta lehiaketara aurkeztutako gainerako lanak edo epaimahaiak aukeratutakoen hautaketa, irailaren 22ra arte egon ahal izango dira ikusgai kultur etxean.
Udalak herritarrak eta sortzaileak animatu nahi ditu lehiaketan parte hartzera, Santa Anastasia jaietako irudia izango den lan bizi, alaia eta adierazgarria aurkeztera. «Jaiak herriaren topagune, ospakizun eta parte-hartze gune diren heinean, azalak ere espiritu hori jaso eta zabaltzea izango du helburu», azaldu dute.













