‘Sega Gazte Ibilbidea’, martxan
Segaren tradizioa «bizirik» mantendu nahi du Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak. Alegian egingo dute lehen jardunaldia, igandean.
Sega Gazte ibilbidearen aurkezpena, joan den ostiralean, Donostian. Gipuzkoako Herri Kirol Federazioa Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak (GHKF) Sega Gazte Ibilbidea egitasmoa aurkeztu zuen aurreko ostiralean, Donostiako Kirol Etxean. Igandean, ekainaren 14an, Alegin (Ezkio-Itsaso, Gabiria eta Ormaiztegi arteko auzoan) izango da hurrengo jardunaldia, 18:00etan.
Aurkezpenean Izaskun Arruti Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidenteak, eta Roberto Ramajo Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendari Nagusiak parte hartu zuten. Egitasmoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesaz gainera Laboral Kutxarena, Irizarrena, Gabiriako Udalarena eta Ezkio-Itsasoko Udalarena ere baduela azaldu zuen Arrutik eta Ramajok.
Federazioaren arabera, Gipuzkoa historikoki «segaren erreferente nagusietako» bat izan bada ere, gaur egun «belaunaldi erreleboa da diziplinaren erronka nagusia». Baserriaren eta lurraren inguruan eraikitako jarduera horrek gizartearen «aldaketetara» egokitu behar izan du, eta «gazteengana iristeko bide berriak bilatzea ezinbesteko bihurtuz» esan zuten ordezkariek.
Testuinguru horretan sortu dute Sega Gazte Ibilbidea. Federazioaren helburua ez da «soilik lehiaketa berri bat antolatzea» gehitu zuenez; «gazteei segaren munduan sartzeko aukera eskaini nahi diegu, prestakuntza teknikoa, segurtasuna eta herri kirolen balioak uztartuz».
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere positiboki baloratu zuen ekimena. Roberto Ramajo Kirol zuzendari nagusiaren hitzetan, «proiektua lehen unetik bat etorri da aldundiak kirolaren, komunitatearen eta belaunaldi berrien sustapenaren inguruan defendatzen dituen balioekin». Haren esanetan, bereziki garrantzitsua da «kirol-modalitate batek bizi dituen erronkak» identifikatzea eta, egoera horren aurrean, «etorkizunera begirako irtenbideak» eraikitzen hastea.
Parte-hartzaileak
Lehen edizio honetan zortzi gaztek eman dute izena. Federazioaren arabera, «kopuruak berak baino garrantzi handiagoa du parte-hartzaileek erakutsitako interesak eta konpromisoak». Etorkizuneko «segalarien belaunaldi berria» izango direla azpimarratu zuten.
Programa «2009 eta 2013 urteen artean jaiotako gazteei» zuzenduta dago. Horrez gain, «belaunaldi desberdinen arteko harremana» sustatuko dutela ere esan zuten: «Gazteek gaur egungo segalarien eta kirolaren inguruko eragileen esperientzia zuzenean ezagutzeko aukera izango dute».
Izan ere, «sega kirola baino gehiago da; gure kulturaren, historiaren eta komunitatearen parte da. Egitasmo honen bidez, teknika irakasteaz gain, ahalegina, errespetua, talde lana eta gure ondarearekiko lotura transmititu nahi ditugu», adierazi zuen Federazioko lehendakariak.
Egitasmoa «pilotu-proiektu» gisa sortu da, baina Federazioaren asmoa da etorkizunean egonkortu eta urtez urte garatuko den prestakuntza-ibilbide bihurtzea.
Almitza Sega Elkartearen ligaxka
Bestalde, urteroko legez, aurten ere Almitza Sega Elkarteak Euskal Herriko Azkartasuneko sega ligaxka antolatuko du. Txapelketan bi jardunaldi jokatuko dira: ekainaren 13an, Basaburua-Imotzen (Nafarroa); eta uztailaren 5ean Goiatzen (Gipuzkoa).
Antolatzaileek lehiaketan egin beharrekoa azaldu dute: «Segalariek azalera jakin bateko belar saila ahalik eta azkarren moztu eta txukundu beharko dute». Gizonezkoek 100m2-ko lur sailean arituko dira segan, emakumezkoak, berriz, 35m2-ko azalerako lur sailean.
Txapelketan haurrek, gazteek eta beteranoek lehiatzeko beraien kategoria izango dute, adinaren arabera banatuko dituzte: 14 urtetik beherakoena, 18 urtetik beherakoena eta 60 urtetik gorakoena.













