Jakintza Ikastolak Peribidea berreskuratu eta haren historia jasotzen duen liburua aurkeztu du
Gaur egin dute Gaintza, Altzaga, Arama eta Ordizia lotzen dituen ibilbidearen inaugurazioa. 'Peribideko istorio ezkutuak' liburua ere aurkeztu dute jardunaldiaren amaieran.
Larraitz Garmendia, goizeko aurkezpenean, Barrena jauregian. Ordiziako Udala Gaintza, Altzaga, Arama eta Ordizia lotzen zituen antzinako Peribidea berreskuratzeko proiektua gauzatu eta jendaurrean aurkeztu du gaur Jakintza Ikastolak. Urteetako ikerketa, dokumentazio eta lanketaren emaitza izan den ekimenak ibilbide historikoaren berreskurapena ez ezik, haren ondare immateriala jasotzen duen Peribideko istorio ezkutuak haur-literaturako liburuaren argitalpena ere ekarri du.
Barrena jauregian egin den aurkezpenean elkartu dira liburuaren egileak, Jakintza Ikastolako ikasleak, udal ordezkariak eta herritarrak. Argitalpena Larraitz Garmendiak eta Lide Lujanbiok idatzi dute, eta ilustrazioak Izaro Lizarragarenak dira.
Elkarlanaren emaitza
Peribidearen berreskurapena Jakintza Ikastolak Frantzia, Txekia eta Norvegiako ikastetxeekin elkarlanean garatutako ‘Sustainable Entrepreneurship of Europe’ Erasmus+ proiektuaren barruan gauzatu da. Egitasmoaren helburua herrialde bakoitzeko ondare naturala, historikoa eta kulturala identifikatu, aztertu eta balioan jartzea izan da, ikasleen arteko nazioarteko lankidetzaren bidez. Horretarako, parte-hartzaile bakoitzak bere lurraldeko ibilbide esanguratsu bat sortu edo berreskuratu du.
Proiektuaren aurkezpenean, Garmendiak Peribideak Goierriko historian izan duen garrantzia nabarmendu du: «Peribidea ez zen bide bakar bat, bide-sare oso bat baizik. Garai batean funtsezko eginkizuna izan zuen baserri eremuak Ordizia bezalako gune ekonomikoekin lotzeko». Hain zuzen, baserritarrek bide horien bidez eramaten zituzten produktuak azokara, eta beren eguneroko jardunerako beharrezkoak zituzten baliabideak eskuratzen zituzten bertatik.
Ondare horren balio historikoaz jabetuta, sustatzaileek egoera onenean kontserbatzen zen ibilbide zatia lehengoratu, eta Gipuzkoako mendi-bideen sarean homologatzea lortu dute. Hemendik aurrera, SL-66 Peribidea izenarekin identifikatuta egongo da.
Herriko figurei aitortza
Inaugurazio jardunaldiaren baitan, parte-hartzaileek 5,5 kilometroko ibilbidea egin dute Peribidean barrena, eta ondoren, Ordizian, proiektuaren beste emaitza nagusia aurkeztu dute: Peribideko istorio ezkutuak liburua.
Gerraosteko baserri-giroan eta garaiko testigantzetan oinarritutako kontakizuna da, eta Ordiziako kaleetan dauden hiru eskulturatan inspiratutako pertsonaiak ditu protagonista: Goizane, Peru eta Mariane. Istorioaren ardatza Goizane da, herriko plaza nagusian dagoen emakume baserritarraren omenezko eskulturan oinarritutako nerabea. Peribidean zehar egiten duen bidaian hainbat abentura biziko ditu, eta bidean Peru artzainarekin eta Marianerekin egingo du topo. Lehenengo pertsonaiak Barrena inguruan dagoen artzainaren eskulturari egiten dio erreferentzia, eta bigarrenak, berriz, Oilo Kalean arrautzez beteriko saskia daraman emakumearen figurari.
Garmendiaren esanetan, liburuaren helburua ez da soilik paisaia edo natur ondarea ezagutaraztea. «Bideek pertsonen istorioak ere gordetzen dituzte; joan-etorriak, harremanak eta komunitate baten memoria kolektiboa. Hori transmititu nahi izan dugu kontakizunaren bidez», azaldu du. Fantasia ukitua duen ipuinak, beraz, ondare historikoaren eta irudimenaren arteko lotura proposatzen du.
Liburua eskuragai
Liburua eskuragarri dago jada, eta ostiralean egingo den Jakintza Ikastolaren Egunean eskuratu ahal izango da, 16:00etatik 18:30era bitartean, hamabi euroan. Era berean, interesa duten herritarrek aleak erreserbatzeko aukera izango dute peribidea@jakintza.eus helbidearen bidez. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurrerantzean D’Elikatuz zentroan eta hainbat liburu-dendatan ere eskuratu ahal izango da.













