Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua martxan
Ekainaren 30era arte dago zabalik proposamenak aurkezteko epea.
Amagoia Naldaiz Lazkaoko zinegotzia.Hitza Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua martxan jarri du Lazkaoko Udalak. Herritarrei 2027ko udal aurrekontuko «inbertsio-partidako 100.000 euro zertara bideratuko» diren erabakitzeko aukera emango dien ekimena dela azaldu du udalak.
Prozesu horren bitartez udalak herritarrei «udalerria hobetzeko proposamenak aurkezteko eta gauzatuko diren proiektuak aukeratzeko» aukera emango die. Udalak webgunera igo duen albistean dagoen estekaren bidez aurkeztu behar dira.
Ekimenak bi fase izango ditu. Lehenik, «proposamenak aurkezteko epea irekiko» dutela azaldu du Lazkaoko Udalak: «Epea ekainaren 30era bitarte egongo da zabalik».
Proposamen horiek «aztertu eta baliozkotu» egin beharko ditu udalak, eta behin baliozkotuta, «onartutako proposamenak aukeratzeko fasea» egingo duela jakinarazi du: «Irailaren 14tik 26ra bitartean».
Proposamenen irizpideak
Lazkaon «erroldatutako» 16 urtetik gorako pertsonek posible izango dute «proposamenak» aurkeztea, udalak dioenez. Gaineratu du aurkezten diren proposamenek «hainbat irizpide» bete beharko dituztela, zehazki, udal-eskumenekoak izan beharko dutela: «Inbertsioen partidaren bidez finantzatzeko modukoak eta teknikoki bideragarriak».
Lazkaoko herritar «guztien ongizatea lehenetsi» beharko dutela «interes partikularren gainetik» ere berretsi du udalak. Udalak herritarrei prozesu horretan «parte hartzera» dei egin die.













