Kultura ezberdinak, batzeko aitzakia
Kulturarteko 8. festa eta bertako artisauen azoka igandean, Ekain kulturalaren baitan. Bederatzi herrialde ezberdinetako ordezkariek hartuko dute parte ekitaldian.
Kulturarteko festan parte hartuko duten herritarrak, atzo arratsaldeko aurkezpenean.Josune Zarandona Munduko gastronomiaren eta kulturaren erdigune bihurtuko da beste behin Ormaiztegi igandean, Kulturarteko 8. Festaren harira. Urtero bezala, herriko artisauek ere jarriko dituzte euren postuak festan, bere eskaintzarekin azoka osatzeko: Cosmo artisautza, Angel Elorza argazkilaria, Ponpoxa pitxiak eta Maria Pilar Horrego artista plastikoa. Festaren nondik norakoak azaltzeko eta igandeko hitzordurako gonbita zabaltzeko aurkezpen ekitaldi jendetsua egin zuten atzo arratsaldean Ormaiztegiko Gizarte etxean. Aurkezpenaren ondotik, herrialde ezberdinetako jakiak dastatuz mokadutxoa egin zuten, elkarren arteko zubiak eraiki eta elkar ezagutza sustatzeko.
Gaur egun, 20 jatorri ezberdinetako herritarrak bizi dira Ormaiztegin, eta horietatik bederatzi egongo dira ordezkatuta igandeko festan, Euskal Herria barne. Afrikakoak eta Hego Ameriketakoak dira guztiak: Nigeria, Kolonbia, Maroko, Kuba, Nikaragua, Mexiko, Ekuador eta Senegal. Ordezkarietako batzuk urteak daramate festan parte hartzen, Ekuadorreko Jaqueline Torres, adibidez. Urtero Ekuadorren zatitxo bat Ormaiztegira eramaten saiatzen direla esan zuen, «Ekuadorrek 24 probintzia ditu eta urtero bat aukeratzen dugu. Aurten Santo Domingo de los Colorados ordezkatuko dugu; bertako jakiak eta kultura erakusteko. Oso jantzi koloretsuak erabiltzen dituzte eta ilea ere margotuta eraman ohi dute. Zuen gustukoa izatea espero dugu».
Marokok, aldiz, lehenego aldiz hartuko du parte. Khadija Belahssoubek hitz egin zuen bere herrialdeko ordezkari moduan: «Gure kultura erakusteko aukera paregabea da. Marokoko jaki gozoak eta gaziak eramango ditugu, baita tea ere. Henna tailerra ere izango da nahi duenarentzat».
Herri aberatsagoa
Jatorrizko jantzien desfileak irekiko du festa 11:30ean, eta jakien dastaketa 12:30ean hasiko da. Txartelak 2 euroan jariko dituzte salgai. Ordu berean, henna eta nigeriar txirikorden tailerrak irekiko dituzte (txartela 2 euroan) eta 13:00ean, zuzeneko musika izango da Dakka Rasta Bilbao talde marokoarraren eskutik. Amaitzeko, Nikaragua, Ekuador, Kolonbia eta Nigeriako dantza erakustadiak izango dira 13:30ean.
Zumalakarregi museoko eta udaleko ordezkariek ere hartu zuten parte agerraldian. Maria Jauregi museoko hezkuntza eta komunikazio arduradunak, Kulturarteko festa Zumalakarregik 2018an martxan jarri zuen migrazio proiektuaren baitako ildo nagusietako bat dela gogoratu zuen. Jon Enrike alkateak festa pertsonen arteko ezagutza bultzatzeko bitartekari dela esan zuen amaitzeko: «banderen aurretik pertsonak, hizkuntzak eta ohiturak jartzen ditugu guk, herri aberatsago bat izateko helburuarekin», esan zuen.



















