Auzomira zikloa egingo dute asteburuan, Gorka Erostarberen liburuan oinarrituta
Kalegorrian elkartu du, eta ostiraletik igandera egingo dituzte ekintzak.
Kalegorrian kultur elkarteak Auzomira zikloa antolatu du Zumarragan asteburu honetarako, Gorka Erostarbe zumarragarraren Auzokinak poesia liburuaren izpirituan oinarrituta.
Urte batzuetako etenaren ondoren, Kalegorrian kultur elkartea bueltan da. «Itzultzeko aitzakia Gorka Erostarbe kideak iaz argitaratutako Auzokinak poema liburuak eman digu. Auzoaren gaineko begirada berezi bat eskaini zigun liburu hark, estetikoa eta politikoa, soziala eta intimoa; eta, orain, iritsi da unea poema horiek beren gertalekuan bertan aurkezteko. Horretarako, liburua baino zabalagoa den egitarau bat osatu dugu, auzoaren ideiatik abiatuta», azaldu dute Kalegorrian elkarteko kideek.
Hala, asteburu batean, ostiraletik igandera, auzoari begiratuko diote zinemaren, musikaren eta literaturaren bitartez. «Auzoaren neurrian irudikatuko ditugu kaleak, harremanak, lurraldea, denbora, hitzak, bizitzak».
Ostiralean, Hiruki Filmak ekoiztetxe nafarrak sustatutako bi film ertain proiektatutako dituzte, ButaK 21 zineklubarekin elkarlanean: Maddi Barber eta Marina Lameiroren Cambium (44 minutu) eta ekoiztetxeko kideek Aurizberriko biztanleekin auzolanean sortutako Ziarraize (30 minutu).
Komunitatea eta lurraldea ageri dira bi lanetan. Cambium-ek erakusten du nola Lakabeko herritarrek erabakitzen duten pinudi bat botatzea, antzinako larreak berreskuratzeko, eta modu harrigarrian irudikatzen ditu baso bizitza eta naturarekiko interdependentziazko harremana. Beste denbora baten presentzia sumatzen da Ziarraize-n ere. Han, Aurizberriko biztanleek elkarrekin asmatuko dute zer istorio filmatu, nola irudikatu beren burua eta beren mitoak: nola betikotu bizileku komun bat zinemaren bidez.
New Orleanseko doinuak
Larunbatean, Broken Brothers Brass Band jazz-txaranga iruindarrak herriko kaleetan joko du: Eitzagan, Oteizaren Itziar eskulturaren ondoan, lehoien iturrian, sekuoiaren ondoan. Emanaldia 12.00etan hasiko da. New Orleanseko doinuak Zumarragara ekarriko dituzte.
Bukatzeko, igandean Auzokinak liburuaren errezitaldi musikatua egingo dute Areizaga-Kalebarren plazan (euria egiten badu, udaletxeko arkupean). Ekitaldia 12:30ean hasiko da. Hainbat lagunek liburuko testuak errezitatuko dituzte eta beste batzuk errezitaldia musikaz jantziko dute. Parte hartzaileen artean Txost! taldea eta Morau bakarlaria izango dira.













