Pilarreneako erabiltzaileen bisita ‘Museoak eta Alzheimerra’ programaren baitan
Gaztaren interpretazio zentroan izan dira gaur goizean, Pilarrenea eguneko zentroko sei erabiltzaile.
Pilarreneako erabiltzaileak Gaztaren interpretazio zentroan, gaur goizean. Josune Zarandona Museoak eta Alzheimerra programaren barruan, bisita pilotua egin dute gaur goizean Pilarreneako eguneko zentroko sei erabiltzailek Idiazabalgo Gaztaren interpretazio zentroan. Programa hau Gertu Kulturak eta Euskal Herriko Unibertsitateak —EHU— sortu dute lankidetzan, Alzheimerraren edo beste dementzia batzuen fase arinean dauden pertsonei zuzenduta.
Museoak eta Alzheimerra programaren 2. edizioa jarri dute martxan 2025-2026 ekinaldi honetan, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat museorekin elkarlanean. Goierrin hiru dira programa honetan parte hartzen ari diren museoak: Idiazabalgo Gaztaren interpretazio zentroa, Ordiziako D´Elikatuz interpretazio zentroa eta Legazpiko Lenbur Fundazioa.
Formakuntza
Programaren sustatzaileek azpimarratu dutenez, «jarduera artistiko eta kulturalek dementziaren bat duten pertsonen bizi kalitatean eragin positiboa dutela frogatuta eta onartuta dago». Zentzu horretan, Alzheimerra edo beste dementzia batzuk dituzten pertsonen tratuan eta arretan formakuntza jaso dute museo parte hartzaileetako hezitzaileek. Ikasitako praktikan jartzeko bisita pilotu bat egin dute gaur Idiazabalen, Pilarreneako sei erabiltzaileren parte hartzearekin.
Harrera egin eta gero, norbere buruak aurkeztuta hasi dute bisita, azalpenak bisitarien adimen gaitasunetara egokituta. Hartu emana erabatekoa izan da hasieratik eta bisitariek Idiazabalgo gaztaren inguruan dituzten ezagutzak partekatu dituzte hezitzailearekin. Gazta dastaketa batekin amaitu dute goizeko jarduna, giro onenan.




















