Tomas Salazar XII. Aizkorriko Bira larunbatean da
Izena ‘zirkuitua.com’ webgunean eman daiteke, edo hasi baino ordu erdi lehenago.
Tomas Salazar Aizkorri Biraren hainbat partaide, 2024ko ekitaldian.Hitza Larunbatean izango dira Tomas Salazar XII. Aizkorriko Bira eta VI. Gazteen Bira Aizkorrira Begira. Aizkorri Mendizale Elkarteak azken bi aste hauetan jada berotze lanak egin ditu, antolakuntzaz aparte, orientazio ibilbide, hitzaldi eta erakusketa bana antolatuta. Etzi ekintza nagusiarekin emango diote amaiera aurtengo ekitaldiari.
Aizkorriko Birako partaideak Jose Martin Arana kaleko Aizkorriren egoitzatik 06:00etan irtengo dira 52 kilometroko ibilbidea egiteko. Beasaindik aterata, Olaberriko ibilbideetan zehar Idiazabalgo mendietan barrena Etzegarateraino joango dira, handik Zegamako mendietan barrena Aizkorriraino, eta bertatik berriro ere Beasainera itzuliko dira, Zeraingo, Segurako eta Ormaiztegiko lurretatik barrena.
Gazteen Birako partaideak, berriz, 08:00etan elkartuko dira egoitzan, 16,8 kilometroko ibilbidea osatzeko. Beasaindik Olaberrira abiatuko dira, eta Etzegaratera igo gabe, Idiazabalera jaitsiko dira Intxusti iturritik. Idiazabaldik berriz Urbizura igo eta Aizkorriko Birako parte hartzaileekin batera birako azken 5 kilometroak egingo dituzte.
Zirkuitua.com webgunean eman dezakete izena parte hartu nahi dutenek, edo larunbatean bertan Aizkorriko Birarako 05:30ean eta gazteen biran 07:30ean, martxa bakoitza atera baino 30 minutu lehenago.
Erakusketako azken egunak
Antolatutako ekintzen artean dago Gailurretan izan gaitun Euskal Herriko Mendi Federazioaren argazki erakusketa ibiltaria. Bihar arte egongo da ikusgai Igartzako burdinolan (18:00-20:00).













