Goiz istilutsua CAF lantegiaren inguruan, Palestinaren aldeko aldarrien kontura
Beasaingo enpresak gaur akziodunen batzarra egitekoa zuela baliatuz, manifestazioa zuen deituta Palestinaren Elkartasunak. Ehunka herritar elkartu dira manifestazioan, Beasaingo lantegiak "palestinarren genozidioarekiko duen konplizitatea" salatzeko, baina aurretik hainbat ekintzailek "desobedientzia ekintzak" egin dituzte, eta atxiloturik izan ez bada ere, Ertzaintzak horietako batzuk identifikatu ditu.
Ekintzaileak CAFeko sarrerako errepidean eserita, atzean manifestazioa dutela.Gedar Langile Kazeta Goiza istilutsua izan da gaur Beasainen, CAF lantegiaren inguruan. CAFeko urteroko Akziodunen Batzarra egitekoa zela baliatuz, Palestinarekin Elkartasunak mobilizazioak zituen deituta, manifestazioa tartean, baina aurretik, hainbat ekintzailek “desobedientzia ekintzak” egin dituzte. Hala, 08:30 inguruan, CAFeko sarrerara doan errepideetako bat moztu egin dute, eta kateatu egin dira, enpresak Jerusalemen eta Tel Aviven dituen proiektuak salatzeko. Inguruan dagoen zubian hainbatek eserialdia ere egin dute, eta ibilgailuei bidea moztu diete, eta bi lagun zubitik behera eskegi dira Palestinako banderekin. Ertzaintzak hainbat ekintzaile identifikatu ditu, baina ez du inor atxilotu.
Ekintza horien ondoren manifestazioa egin dute ehunka lagunek, Erauskin plazatik hasita CAFeko sarreraraino, eta han goizean ekintzak burutu dituzten lagunei elkartasuna adierazi eta gero, berriz ere itzuli dira abiapuntura.
Manifestazioa abiatu aurretik, horren deialdiaren arrazoiak azaldu ditu, Ainhoa Urkiola Palestiaren Elkartasunaren izenean: “Gaur hemen elkartu gara CAF enpresak palestinarren genozidioarekiko duen konplizitatea eta horrekin batera eta horretaz aparte duen erantzukizuna salatzeko asmoz. Izan ere, gu hemen gauden bitartean beraiek eta haien akziodunak batzarra egiten ari dira Israelekin dituzten negozioekin ateratako mozkinak banatzeko. Eta horren guztiaren aurrean beharrezkoa ikusi dugu aurrerapauso kualitatiboa ematea. Zergatik? Argi eta garbi uzteko CAFeko trenak odolez beterik daudela. Eta hori gutxi balitz, tamalez Euskal Herrian hainbat eta hainbat enpresa daude, genozidioaren harira mozkinak eta etekinak ateratzen ari direnak. Beraz, argi eta garbi utzi nahi dugu borrokatzen jarraituko dugula Euskal Herritik sionistekin harremanak dituzten orok harremanak moztu arte,. Horrekin batera, gure elkartasun eta babes osoa erakutsi nahi diogu bai Palestinako herriari baita gaurko ekintzaileei eta identifikatu dituzten kideei. Borrokan jarraituko dugu. Gora palestinar erresistentzia!”.
Manifestazioaren amaieran ere irakurri dute mobilizazio hauen arrazoiak eta aldarriak jasotzen dituen dokumentu bat:
“78 urte beranduago, Israelek sorreratik egiten duen hondamendiak ez du etenik; 2023ko urritik ia hiru urte geroago, genozidioaren areagotzeak ere ez dauka etenik. Berriki Gazaren %70 bereganatzeko asmoa iragarri du Nettanyahuk eta Libano erasotzen jarraitzen du. Bitartean, genozidioaren eta apartheidaren odolez zikindutako aberastasunak ere ez dauka etenik Euskal Herriko enpresari askoren kontuetan.
Horien artean, jakina, CAF enpresa da esanguratsuenetako bat. Gaur eta hemen elkartu dira bertako akziodunak, urtez urte gora doazen etekin kriminalak banatzeko, eta enpresaren proiektuak eta kontuak ontzat emateko. Aurten, 52 milioi euro banatuko dituzte akziodunen artean, inoizko kopururik handiena. Zergatik dira kriminalak irabazi horiek? CAFek estatu genozida eta ondorioz, proiektu kolonial eta genozida indartzen dituelako. Israelgo Saphir enpresarekin batera, Tel Aviveko eta Jerusalemeko tranbiak eraikitzeko kontratu milioidunak ditu, eta horien bidez:
1- Israelgo enpresak eta kolonizazioaren ekonomia indartzen ditu.
2- Israel azpiegitura iraunkorrez hornitzen du.
3- (eta bereziki) Palestinar lurren okupazioari betiereko bermea ematen dio, kolonia sionistak elkarren artean eta Jerusalemeko hirigunearekin lotuz, eta palestinarrak isolatuz.
Horregatik sartu du Nazio Batuen Erakundeak berak CAF konpainia okupazioari lagundu eta etekina ateratzen dioten enpresen datu-basean, eta horregatik izan da CAFeko zuzendaritza eta bere zuzendari nagusia, Andres Arizkorreta, epaitegien aurrean salatua.
Horren guztiaren bidez aberasten da, eta beraz, bere negozioak Israelen egonkortasunari lotuta daude. Behin eta berriz erakusten ari den bezala, Israelen egonkortasuna proiektu koloniala amaieraraino eramateari lotuta dago. Israel ez da ezer, ez bada palestinar herriaren aurkako garbiketa etnikoa. Israel ez da ezer ez bada genozidioa. Horrek esan nahi du CAFen negozioaren zati bat mantendu ahal izateko, palestinarren aurkako apartheidak eta genozidioak aurrera egin behar dutela. Argi eta garbi esan dezagun: Israel CAFen ere hasten da. Apartheida CAFen ere hasten da. Genozidioa CAFen ere hasten da.
Hau da saldu nahi diguten euskal enpresa eredua, ustez aurrerakoiagoa eta justuagoa. Eslogan ororen gainetik, euskal enpresariek ere negozioa lehenesten dute, horrek munduko herri langileen miseria eta sarraskia eragiten duenean ere.
Baina CAF ez dago bakarrik. Eusko Jaurlaritzak argi utzi du erabateko babesa ematen diola enpresari. Gaur bertan ikusi dugu nola … Babesa emateaz gain, Eusko Jaurlaritzak gutxienez %3ko parte hartzea dauka enpresarena aberastasunean. Hau ere argi esan behar dugu: Eusko Jaurlaritza CAFen kontratu kriminalen erantzule da. Euskal gizartearen zati handi bat proiektu horien aurka dagoen arren, Jaurlaritzak diru publikoa genoziden konplizeak indartzera bideratzen du. Eider Mendozari argi esan nahi diogu: Nettanyahu ez da erantzule bakarra, hamarkadetako proiektu kolonial baten gidarietako bat besterik ez da. Jarraitu dezala bestela entitate genozidako hauteskunde-prozesua. Eta argi adierazi nahi diogu etsaiak ez ditugula etxean bilatzen. Arazoa da euskal politikarientzat, genozidioaren konplize diren enpresari eta instituzioak lagunak direla, eta aldiz, kalkulu elektoraletatik at, bost axola zaizkiela euren negozioek eta proiektu kolonialak zapaltzen dituen palestinarrak. Horren aurrean, CAFeko zuzendaritzaren eta herri palestinarraren artean, argi izan behar dugu noren alde gauden eta noren aurka, biak ez baitira bateragarriak.
Hortaz, beharrezkoa da genozidioaren euskal konplizeak seinalatzen jarraitzea. CAFetik haratago, Irizar, Sidenor, Kutxabank, Baskoniako zuzendaritza, Ertzaintza… Beharrezkoa da harreman ekonomiko kriminalak eta odolez zikindutako etekinak agerian uzten jarraitzea. Beharrezkoa da Israelekin harreman oro eteteko presioa egiten jarraitzea. Kolonizazioa eta genozidioa ez dira eten, eta munstro sionista ez da bere kabuz hilko. Palestinako eta inguruko herrietako erresistentziek borrokan jarraitzen dute. Jarrai dezagun guk ere borrokan Israel desegin arte eta Palestinaren eta inguruko herrien askatasuna lortu arte!”.
Hona hemen manifestazioko irudi batzuk (Tere Madinabeitia):













