Beasaingo ikasleak, Txikipedian euskarazko ezagutza sortzen
Txikipediak 10.000 artikuluren langa gainditu du aste honetan. Beasainpediak hurrengo ikasturtean ikasleekin elkarlanean jarraitzea du helburu.
Izaskun Salazar Beasainpediaren ordezkaria, ezkerretik laugarrena, Euskal Wikilarion II. Topaketan Gasteizen, urtarrilean.EWKE Beasaingo ikasleek Txikipedian euskarazko ezagutza sortzen jarraitzen dute. Aittu Euskara Elkarteak helarazitako ohar batean jakinarazi duenez, Beasaingo lehen hezkuntzako ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek hainbat proiektu garatu dituzte ikasturte honetan zehar Beasainpediaren Txikipedia atalaren bidez. Helburu nagusia haur eta gazteentzako euskarazko kalitatezko edukia lortu, sortu eta zabaltzea izan da.
Txikipediak 10.000 artikuluren langa gainditu du aste honetan. Beasainek ere egin du bere ekarpena. “Ikasturtean zehar egindako lankidetzaren emaitza gisa, Txikipedian hainbat artikulu berri sortu eta hobetu dira”, azaldu du Aittuk. Horien artean Beasaingo Ekaitz konpartsari eta haren inguruko gaiei eskainitako artikuluak nabarmendu ditu.
Era berean, WikiEmakume ekimenaren bidez emakume beasaindarren biografiak Txikipediara ekarri dituzte, ikusgarritasuna emanez herriko emakumeen ekarpenei. Beasaingo hainbat elkarte, kultura-jarduera, mendi eta herriko ondarearekin lotutako beste hainbat artikulu ere sortu dituzte, ikerketa, idazketa eta euskarazko zabalkundea uztartuz.
Beasainpedia eta ikastetxeen arteko lankidetzan, hurrengo ikasturterako dagoeneko “lehen urratsak” eman dituzte: “Besteak beste, Beasaingo jolas-parkeak, herriko zuhaitzak eta kale-izendegia izango dira hurrengo ikasturteko lan-ildoetako batzuk. Irailean, ikastetxeekin elkarlana berriz martxan jarriko da, ikasleen interesetatik abiatutako proiektu berriak garatzeko”.
Beasainpediaren helburua argia da: “Herriko ikastetxeekin elkarlanean, gazteen artean euskarazko informazioaren sorrera eta erabilera sustatzea, ikasleak ezagutza librearen sortzaile bihurtuz eta euskarazko eduki digitalaren etorkizuna indartuz”. Ikasturte honetan egindako lanak “hezkuntza-komunitatearen eta auzolan digitalaren arteko elkarlanak emaitza aberatsak ematen dituela” erakutsi du Aitturen esanetan. Irailetik aurrera bide horretan sakontzeko asmoa du.













