Kaleko jostunek lorez jantzi dute Ormaiztegiko udaletxea
Atzo arratsalden egin zuten 12. jardunaldiko sorkuntzaren aurkezpena, plazan.
Ormaiztegiko kaleko jostunak atzo, aurtengo sorkuntza lanari azken ukituak ematen, Ormaiztegiko plazan.Angel Elorza Ormaiztegiko Kaleko jostunek atzo arratsaldean itxi zuten 12. jardunaldia. Urtero bezala eskuz ehundutako sorkuntza aurkeztu zuten herritarren artean. Aurten, udaletxea apaintzeko loreak egin dituzte, kakorratzaren teknika erabiliz. Izpilikuak, landare igokariak eta tximeletak egin dituzte, udaletxeko aurrealdea kolorez jantziz.
Nerea Magallanes Kaleko jostunen taldeko kideak adierazi duenez, maiatzaren hasieran hasi ziren herriko hainbat emakume astero biltzen, atzo aurkeztu zuten lanari forma emateko. “Guztira, 15 emakume aritu gara, 42 eta 86 urte bitartekoak”, esan du. Asko aurreko edizioetan parte hartutakoak ziren arren, beste batzuk lehenengo aldiz gerturatu dira aurten taldera.
Eskuak erabiliz sormena lantzea da 2013an martxan jarri zuten egitasmo honen helburuetako bat, baina ez bakarra. “Adin ezberdinetako herritarrak elkartzeko aitzakia da, elkar ezagutzeko eta elkarri, mahaiaren bueltan kontuak esateko”, zehaztu du Magallanesek.
Mundu mailako ospakizuna
Kalean Josteko eguna mundu osoan ospatzen da ekainaren 12an, emakumeen arteko sareak sortu eta eskuz egindako sorkuntzei balioa emateko helburuarekin. Atzo, keinu egin zioten sare horri Ormaiztegin. Egindako lana aurkeztu aurretik, azken ukituak eman zizkieten lore eta landareei plazan, herritarrek nola lan egiten duten ikus zezaten. Herriko haurrekin hainbat eskulan ere egin zituzten eta udaletxeko balkoiak atondu ondoren, mokadutxo batekin eman zioten amaiera jardunaldiari.
ARGAZKIAK: Angel Elorza eta Ormaiztegiko Udala



















