Telleriarteko bizilagunek auzoko jaiak ospatuko dituzte
Igandean eta asteazkenean dituzte festa egunak.
Sanjoanak Goierriko hamaika herri eta auzotako jaiak dira. Horien artean, Legazpiko Telleriarte auzokoak. Ekainaren 21ean eta 24an ospatuko dituzte aurten San Joan jaiak.
Igandean, 10:00etan, Legazpiko Goiz Deia txistulari taldeak goiz eresia egingo du. Ondoren, 12:30ean, Telleriarte berriz ere liburua aurkeztuko dute plazako karpan. Liburua Felix Ibargutxi kazetari legazpiarrak idatzi du, Jose Luis Ugarteren laguntzarekin. Burdinola elkarteak argitaratu du, Legazpiko Udalaren, Korosti higiezinen agentziaren eta Arrizabala bizilagun elkartearen babesarekin. Bertan, auzoko etxe guztien historia jaso du, Motxorrotik Udanaraino.
Igandeko ekitaldiekin jarraituz, 13:00etan trikipoteoa egingo dute eta 14:30ean auzo bazkaria. Ondoren, bertan bildutakoek dantza egingo dute, aspertu arte.
Datorren asteazkenean San Joan eguna ospatuko dute. 12:00etan meza izango da San Joan ermitan. Ohitura zaharrari jarraituz, loreak bedeinkatuko dituzte. 13:00etan luntxa egingo dute plazan eta ondoren paella jana.













