Zegamarren arteko loturak sendotzeko ekimena
Ibilaldia eta topaketa gastronomikoa eta afari merienda egin dituzte 'Ongi etorri Zegamara!' egitasmoaren baitan.
Herriko txoko desberdinak igaro dituzte ibilaldian. ‘Ongi etorri Zegamara!’ egitasmoaren lehenengo edizioa ospatu dute Zegaman. Ekimenaren helburua kanpotik Zegamara bizitzera joan direnei ongi etorria ematea, herritarrak elkar ezagutzea eta beste herrialde batzuetako kulturak gerturatzea da.
16:30ean eman diote hasiera ekimenari, herrian zeharreko ibilaldi batekin. Ixabel Elortzak herriko historiari buruzko hainbat bitxikeria kontatu ditu eta herrian dauden zerbitzuak bertatik bertara ikusi eta ezagutzeko aukera izan dute parte hartzaileek. Ondoren, 17:30ean topaketa gastronomiko bat egin dute Aitamarren parkean, talde anitzetan banatuta patata tortillak eginez. Afari merienda batekin amaitu dute ekimena, musikak, dantzak eta jolasek lagunduta.
Azken datuen arabera, gutxienez 30 jatorri ezberdinetako 192 herritar bizi dira gaur egun Zegaman, biztanleria guztiaren %13.













