‘Ongi etorri Zegamara!’ eguna lehenengoz, larunbatean
Udalaren harrera planak utzitako emaitzetako bat da. Herrian zeharreko ibilaldia eta topaketa gastronomikoa dituzte antolatuta. Jatorri ezberdinetako musika eta dantzak, ekitaldia borobiltzeko.
Jatorri ezberdinetako zegamarrek osatzen dute harrera taldea. Hitza Kanpotik Zegamara bizitzera joan direnei ongi etorria egiteko, Ongi etorri Zegamara! eguna antolatu dute lehenegoz, hainbat herritarren eta udalaren ekimenez. Antolatzaileek azpimarratu dute zegamar guztiei irekitako ekimena dela, eta bertan jaiotakoei eta kanpotik joandakoei egin diete larunbat honetarako antolatutako jardunaldian parte hartzeko deia.
Iazko urtearen amaieran jarri zuen Zegamako Udalak Ongi etorri Zegamara! harrera egituratzeko prozesua martxan, Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean. Hainbat herritarrek ere parte hartu zuten prozesuan, Alazne Gartzia horietako bat, eta momentuz, bi dira utzi dituen emaitza nagusiak. Batetik, kanpotik Zegamara bizitzera doazenei zuzendutako liburuxka baten argitalpena. «Bost hizkuntzatara dago itzulita eta herriko zerbitzu ezberdinak ditu zerrendatuta, non dauden eta harremanak nola gauzatu daitezkeen azalduz», zehaztu du Gartziak. Bigarrena, larunbatean lehenengoz egingo den Ongi etorri Zegamara! eguna izango da: «Helburu nagusia herritarrak elkar ezagutzea da, baita beste herrialde batzuetako kulturak gerturatzea ere», esan du. Hirugarren helburu bat ere zehaztu du; zegamarrei taldea ezagutzera ematea, «orain hilabete gutxi jarri dugu abian eta herritar askok ez dakite dagoenik ere».
Biztanleriaren %13a
Azken datuen arabera, gutxienez 30 jatorri ezberdinetako 192 herritar bizi dira gaur egun Zegaman, biztanleria guztiaren %13. Horien artean 95 dira emakumeak eta 97 gizonezkoak. Atzerriko jatorria duten talde ugarienak Kolonbia (55 lagun); Errumania (29) eta Maroko (25) dira. Datu hauetan ez dira kanpoko jatorriduntzat hartzen Euskal Herriko beste herri batzuetatik Zegamara bizitzera joandakoak.
16:30ean emango diote hasiera ekimenari, herrian zeharreko ibilaldi batekin; «Ixabel Elortzak herriko historiari buruzko hainbat bitxikeria kontatuko ditu eta bide batez, herrian dauden zerbitzuak bertatik bertara ikusi eta ezagutuko ditugu». Ondoren, 17:30ean topaketa gastronomiko bat egingo dute, talde anitzetan banatuta tortilla patatak eginez; «konturatu ginen herrian bizi den lagun hori ez dugula askotan ezagutu ere egiten eta patatak zurituz eta arrautzak txikituz, elkar ezagutza hori sustatzeko modu bat izan daitekeela pentsatu dugu». Afari merienda batekin amaituko dute ekimena, musikak, dantzak eta jolasek lagunduta.












