EH Bilduk beroaldiaren aurrean baliabide guztiak aprobetxatzeko eskatu dio Udal Gobernuari
Ur jokoetan izandako matxurak direla eta, beroaldiak irauten duen bitartean kanpoko igerilekuak doakoak izatea eskatu du.
Beasaingo EH Bilduko udal ordezkariak, artxiboko irudian.Ariane Vierbücher Beroaldiaren aurrean, Beasaingo baliabide guztiak aprobetxatzeko eskatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari. Hedabideetara helarazitako ohar batean adierazi du “babesgune klimatikoen beharra ezinbestekoa” dela tenperatura altuei aurre egiteko, “inoren zain egon gabe”.
Bi eskari nagusi egin ditu EH Bilduk. Batetik, azpiegitura publikoak goiz eta arratsaldez irekitzea eskatu zuen ekainaren 10eko bozeramaile batzordean: “Liburutegia, KZ gunea, ludoteka… egoera hauetarako prestatuta egon daitezkeen espazioak herritarrentzat irekitzea”.
Bestetik, Dolareako ur jokoetan izandako matxurak direla eta, beroaldiak irauten duen bitartean kanpoko igerilekuak doakoak izatea eskatu zuen ekainaren 18ko batzorde informatzailean.
“Horrelako beroaldiak geroz eta ohikoagoak izango direla ematen du. Beraz, bai aurten eta baita hurrengo urteetan ere, errealitate hau kontuan izatea dagokigu hainbat erabaki hartzerakoan”, aldarrikatu du koalizioak.













