Eusko Jaurlaritzak asteazkenera arte zabaldu du alarma gorria
Muturreko tenperatura handiengatik hartu du erabakia, eta Goierri da alarma aktibatu duen bailaretako bat. San Joan suak baso-masetatik hurbil dauden eremuetan ez pizteko gomendioa eman du, eta plazetakoak piztu ala ez udal bakoitzaren esku utzi du.
Beasaingo Nafarroa Etorbideko termometroa, gaur, 15:00ak aldera. Mikel Albisu Eusko Jaurlaritzak asteazkenera zabaldu du alarma gorria muturreko tenperatura handiengatik, datozen egunetan ere muturreko bero-gertakariak Euskal Autonomia Erkidegoko zati handi bati eragiten jarraituko duela aurreikusten baitu.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, alarma gorria asteartean eta asteazkenean egongo da indarrean Kantauri isurialdeko barnealdean, trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean, 12:00etatik 20:00etara. Eremu horietan, tenperatura maximoak 40 ºC-ra irits daitezke edo horren ingurukoak izan daitezke ordu tarte horretan.
Asteartean, ekainak 23, tenperatura maximoak 40 ºC ingurukoak izan daitezke Kantauri isurialdeko barnealdean, 39 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta 40 ºC ingurukoak Ebro ardatzean. Itsasertzean, alerta laranja aktibatuko da muturreko tenperatura handiengatik, 12:00etatik 18:00etara, eta kostaldean maximoak 35 ºC ingurukoak izan daitezke.
Asteazkenean, ekainak 24, alarma gorria mantenduko da muturreko tenperatura handiengatik Kantauri isurialdeko barnealdean, trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean, 12:00etatik 20:00etara. Tenperatura maximoak 40 ºC ingurukoak izan daitezke Kantauri isurialdeko barnealdean, eta 39 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean. Kostaldean, alerta laranja indarrean egongo da 12:00etatik 18:00etara, eta maximoak 36 ºC-ra irits daitezke.

Beasaingo Nafarroa Etorbidea, hutsik, eguzki galgatan.Mikel Albisu
Horrez gain, Euskalmetek alerta laranja mantenduko du bi jardunaldietarako tenperatura handi iraunkorrengatik Euskal Autonomia Erkidego osoan, gauerditik gauerdira, tenperaturek handiak izaten jarraituko baitute bi egunetan, eta gau “tropikalak” izango baitira lurralde osoan. Asteartean, minimoak 22 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean, 20 ºC ingurukoak Kantauri isurialdeko barnealdean, 19 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta 22 ºC ingurukoak Ebro ardatzean. Asteazkenean, balioak 22 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean, 21 ºC ingurukoak Kantauri isurialdeko barnealdean, 20 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta 22 ºC ingurukoak Ebro ardatzean.
Alarma gorria zabaltzea “muturreko bero-gertakari baten testuinguruan” gertatu dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak.
San Joan suak direla eta
Muturreko bero-testuinguru honetan, eta bihar San Juan gaua ospatuko dela kontuan hartuta, EAEko udalerri askotan ohiko suak piztea aurreikusita dago. Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak erakunde eskudunei gomendatu die udalerri bakoitzeko egoera aztertzeko eta, hala badagokio, baso-masetatik hurbil dauden eremuetan suak ez pizteko.
Egoera horren aurrean, Segurtasun Sailak astelehen honetan, 12:00etatik aurrera, LABIren Larrialdi Fasea deklaratu du: 0 egoera, gertakariaren jarraipena, ebaluazioa eta aurreikuspena egiteko.
Eusko Jaurlaritzaren gomendioak
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, datozen egunetan aurreikusten diren muturreko tenperatura handi eta iraunkorren aurrean, eta horiek eragin ditzaketen ondorio negatiboak prebenitzeko edo arintzeko, Osasun Sailaren 2026ko Bero Planak jasotzen dituen autobabes-gomendioak jarraitzea aholkatu du:
Aire zabaleko berotik babestea
- Saihestu eguneko erdiko orduetan eguzkitan egotea.
- Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
- Erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
- Jantzi arropa arina, nasaia eta transpiragarria.
- Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, batez ere tenperatura handieneko uneetan.
- Kontsultatu osasun-langileekin sintoma hauek agertzen badira: ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten alditxarrak.
Etxea fresko mantentzea
- Itxita eduki leihoak eta pertsianak bero gehien egiten duen orduetan.
- Gauez etxebizitza aireztatu, gelak freskatzeko.
- Saihestu eguneko erdiko orduetan beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak erabiltzea.
- Haizegailuak kontuz erabili, 35 ° C-tik gora ez baitute gorputzeko tenperatura murrizten.
- Freskatu ur hotzeko dutxa edo bainuekin, edo zapi hezeak erabilita aurpegian eta eskuetan.
- Ezin bada etxebizitza fresko mantendu, igaro egunean 2-3 ordu klimatizatutako lekuetan, esaterako, eraikin publikoetan.
Deshidratazioa saihestea
- Edan maiz ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
- Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak, deshidratazioa errazten baitute.
- Handitu fruta, barazki eta entsaladen kontsumoa gatz mineralak berritzeko.
- Saihestu berora egokitzea zailtzen duten otordu oparoak, koipetsuak edo astunak.
Pertsona zaurgarrienak zaintzea
- Arreta berezia eman haurtxoei, adingabeei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituztenei.
- Ez utzi inoiz inor ibilgailu itxi batean, ezta itzalean ere.
- Zaindu bereziki bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak, haiek egunean behin gutxienez bisitatuta.
Laneko arriskuen prebentzioa
- Lanak planifikatzea, bero handieneko orduetan ez egiteko.
- Etengabe hidratatzea.
- Ur edangarrirako sarbidea duten eremu hoztuak gaitzea, atsedenaldiak maiz egin ahal izateko.
- Arropa arina eta eguzki-babesa erabiltzea.
- Intsektuak uxatzea eta ur geldiko eremuak saihestea, bektoreek transmititutako gaixotasunak prebenitzeko.
- Larrialdietan, 112 zenbakira deitu behar da.













