Urretxuko Udalak bertan behera utzi ditu San Joan jaietako ospakizunak, muturreko beroaldia dela eta
Udalak herritarrei dei egin die erantzukizunez jokatu, eta euren buruak zaintzeko, aire libreko ekintzak eta ospakizunak beroaldi osterako utzita.
Urretxuko Udalak bertan behera utzi du San Joan jaitako egitaraua. Muturreko tenperaturen bolada betean hartu du erabakia udalak, herritarrak babesteko. Izan ere, biharko zein etziko 40 gradu inguruko tenperaturak espero dira.
Urretxuko San Joan gaueko ospakizunean jende pilaketa handia egon ohi denez, bihar (asteartea) ez da suaren bueltako ekitaldirik izango. Etziko (asteazkena) Santa Barbaran antolatuta zituen ekintza guztiak ere bertan behera utzi ditu, herritarrak zaintzeko. Bertara igotzea, norberaren erantzukizunpean, libre izango da, eta aparkaleku txikia erabilgarri ere izango da. Hori bai, ezin izango da kozinatzeko inolako surik egin, eta barbakoak ere prezintatuta daude. Bazkarirako txartelak zituztenekin harremanetan da Urretxuko Udala, dagokien dirua itzultzeko, eta berdin material erreserba zutenekin ere.
Udalak, muturreko beroaldiaren aurrean, herritarrei dei egiten die erantzukizunez joka dezaten. Eta, San Joan dela eta, ospakizunik egin behar badute, berotik babestutako gune freskoetan egin dezatela edota ospakizunak beroaldi honen osterako utz ditzatela. Egiten dutena egiten dutela, norberaren erantzukizunpean egingo dute. Nork bere burua eta ingurukoena zaintzeko eta berotik babesteko gomendio irmoa egin du Urretxuko Udalak.













