Armen alardea, bero eta guzti, beste urte batez aurrera
Ohiko ordutegia eta ibilbidea aldatuta, San Joan bezperako armen alardeak bete du ohitura aurten ere. Atzo 80 inguru legazpiar atera ziren kalera eskopetekin eta txilibituekin.
Beroari aurre eginez, Legazpiko San Joan bezperako armen alardeak bete du ohiturarekin aurten ere. Urteroko ordutegia eta ibilbidea aldatu zituzten, baina atzo arratsaldean 80 inguru legazpiar atera ziren kalera eskopetak eta txilibituak hartuta. Bidean ohiko geldialdiak egin zituzten salbak jotzeko, txilibiteroen doinuek lagunduta.
Ormazarreta zalditegiko zaldiek eta zaldunek eta Urretxuko Ipeñarrietako idiek ere parte hartu zuten, baita kartutxo banatzaileek eta hainbat figurantek ere.
Desfilea plazan amaitu zen, partaide guztien zerrenda irakurrita eta azken salbak botata. Amaieran, gaueko suaren inguruan prebentzio lanak egingo zituzten langileek ur mahuka ireki zuen, ume eta heldu batzuen gozamenerako.













