Lapurrek ateetan uzten dituzten markei arreta jartzeko eskatu die udalak legazpiarrei
Etxebizitza batean jarduerarik dagoen ala ez adierazteko markak izan daitezke, eta horrelakoren bat aurkituz gero, Udaltzaingoari edo Ertzaintzari jakinarazteko eskatu dute.
Horrelako markak jarri ohi dituzte lapurren etxe bat hutsik dagoen ala ez jakiteko. Etxebizitza bat hutsik dagoela adierazteko lapurrek sarrerako atean jartzen dituzten seinale edo markei arreta jartzeko eskatu die herritarrei Legazpiko Udalak.
Udal ordezkariek adierazi dutenez, azken egunotan, etxebizitza batzuetako ateetan markak antzeman dituzte, eta marka horiek lapurretak prestatzeko erabiltzen diren elementuak izan daitezkeela gogoratu dute, etxebizitza batean mugimendurik dagoen edo ez egiaztatzeko helburuarekin jarrita egon daitezkeelako.
Marka horiek normalean atearen eta markoaren artean jartzen dituzte, norbait etxebizitzan sartu edo irteten denean erori edo puskatu egiten direla. Marka osorik badago, etxean jarduerarik ez dagoela adierazi diezaieke lapurrei.
Horregatik, etxeetako ateak begiratzea eskatu diete herritarrei, eta markaren bat aurkituz gero, berehala kentzea. Era berean, horren berri Udaltzaingoari edo Ertzaintzari jakinarazteko eskatu dute. Udaltzaingoaren telefono zenbakia 943 10 96 62 da, eta Ertzaintzarena, 943 53 47 20.
Herrian segurtasuna bermatzeko prebentzioa eta herritarren lankidetza funtsezkoak direla ere gogoratu dute, eta edozein egoera susmagarriren aurrean,udaltzaingoari edo ertzaintzari jakinaraztea komeni dela nabarmendu dute.













