San Joan sagarra, bere egunarekin bat iritsi den fruta
Aran horia, aire libreko leka eta gorringoa ere berriak izan dira gaur, beroagatik orduz murriztutako ferian.
Goierri osoan bezala, beroak markatutako goiza izan da gaurkoa Ordiziako ferian ere. Eguneko ordu beroenei aurre egiteko asmoz eta udal langileen segurtasuna bermatzeko, udalak Plaza Nagusiko salmenta orduak murriztea zuen erabakita bezperatik, eta hala jakinarazita saltzaileei zein herritarrei, eta 11:00etan hasi dira postuak jasotzen, ohi baino ordu batzuk lehenago. Ordurako gehienek erosketak eginda zituzten, baina izan da beranduago joandako despistaturen bat baino gehiago.
Goizean goiz feriara joandakoek, aldiz, hainbat berritasunekin egin dute topo, eta garrantzitsuena San Joan sagarra izan da, izenari men eginez, San Joan egunean bertan iritsi dena. Maria Jesus Oriak zuen salgai, kiloa 2,5 euroan. Urteko aire libreko lehen lekak ere berak aurkeztu ditu postu berean, kiloa 10 euroan, Itsasoko Estala Goikoa baserrian hazitakoak.
Produktu berri gehiago ere iritsi dira, aran horia tartean. Altzagako Arantxa Lopetegik aurkeztu du, eta kiloa 2,5 euroan jarri du.
Loreen artean ere izan zedan berritasunik, azken asteetan ia asteazkenero bezala. Gaur agapanthus izena duen lorearen txanda izan zedan. Arantxa eta Maite Zurutuza ahizpek zituzten salgai, zuri kolorekoak, dalia, gladiolo eta hortentsiekin batera. Lore sortak 5 euroan zituzten aukeran.
Gorringoa ere, berria
Bero kontuak airean bakarrik ez, ahoan ere ibili dira gaur goizean feria inguruan. Baserritarrak eta ekoizleak kezkatuta daude tenperatura hain altuko hainbeste egunek baratza eta soroetan izango duten eraginaz, eta esan dutenez, lekari lorea erortzen hasi zaio, adibidez. Egun hauetan lan egiteko moldeak ere aldatuta dituzte, eta ureztatzen ohi baino gehiago jarduteaz gain, ordu beroenak saihesteko goizean goiz edo iluntzean aritu behar izan dira. Orain, bero bolada hau noiz pasako zain daude, eta euri eske hasita daude.
Perretxikoetan ere badu eragina halako beroteak, berez makal dabilen denboraldi honetan. Eskaintza ez da oso zabala azken asteetan, baina gaur perretxiko berri bat aurkeztu dute, gorringoa edo amanita caesarea. Mikel Lasaren postuan izan dute salgai, guztira lau kilo, kiloa 42 euroan.
Barcinak ere postua jarri du gaur, eta bi saltzaileen artean 84 kilo ziza eskaini dituzte (15-38 euro artean kiloa), baita 60 kilo onddo (28-35 euro) eta 13 kilo ziza hori ere (25-30 euro).
Kanpoko produktuen artean ere izan dira berritasunak. Azken asteetan hezurdun frutak dira eskatuenak Zuhaiztiko postuetan, baita egun beroetan hainbeste estimazioa izaten duten meloia eta sandia ere. Gaur, madariak hasi du denboraldia, eta horren ardura Canelle motakoak izan du. Kiloa 4,5 euroan dago.
ARGAZKIAK: D’Elikatuz eta Tere Madinabeitia
















