Betzaida Urtazaren azken bi liburuak
'Musuak eta besarkadak munduan zehar' eta 'Aneren abenturak' dira bi lanen izenak.
Betzaida Urtaza bi liburu berriak eskuetan dituela. Izaro Villarreal Bi liburu berri argitaratu ditu Betzaida Urtaza Elizburu idazle legorretarrak. Musuak eta besarkadak munduan zehar da aurrenekoa, eta aurretik argitaratu dituen beste bi libururen jarraipen gisa kaleratu du. Protagonista bera dute hirurek oinarrian, Uxue, eta bere eboluzioa ikus daiteke azken honetan. Pertsonaia berriak ere sartu ditu, eta munduan zehar bidaiatzen dute. Liburuak, zera du helburu: gurea maitatu eta gainerakoena errespetatu behar dela transmititzea.
Maiuskulaz idatzita dago eta kontrazalean QR bat aurki daiteke, ipuina entzungai duena. «Zerbait berezia» egin nahi zuelako hasi zen formatu horretan idazten, eta azkenerako, jendeak «gustura» hartu duen formatua izan dela jakinarazi du: «Haurrak entretenitzeko balio du, eta irakasleek esan didatenez, ikusmen urritasuna duten haurrentzat ere aproposa da, letra larria eta ilustrazio potenteak dituelako, besteak beste».
Ulermena bultzatzea
Aneren abenturak da kaleratu duen bigarren liburua. Edizioa hartu du bere gain, eta Mitxel Elortza gasteiztarrak idatzi du. Lehenengoa baino txikiagoa dela dio, «oporretara eramateko aproposa». Zortzi kapitulu ditu eta horietako bakoitzean istorioaz gain, hiztegi bat aurki daiteke, «hitzak aberasteko». Hausnarketa eta ulermena lantzea du helburu, eta ekologia zein arriskuan dauden animalien antzeko gaiak lantzen ditu.













