‘Burdina, baserria eta zaporea’ jardunaldia, larunbatean
Legazpiko Mirandaola Burdinola eta Ezkioko Igartubeiti baserri museoak bat egingo dute Urola Garaia Turismoaren ekimen honetan.
Urola Garaia Turismoaren ekimenez, Burdina, baserria eta zaporea jardunaldia eskainiko dute larunbatean Legazpiko Mirandaolako Burdinolak eta Ezkioko Igartubeiti baserri museoak elkarlanean. Jardueraren helburu nagusia bailarako historiaren eta ondarearen bi elementu garrantzitsu lotzea da: burdinolen lana eta baserrietako bizimodua.
Mirandaolan antzinako burdinoletan burdina nola lantzen zen ezagutzeko aukera izango da, eta Igartubeitin, burdinoletako burdinaz egindako tresna horietako asko ikusi ahal izango dira, baserriko eguneroko lanetan zuten erabilera ezagutuz.
Historikoki baserri dolareetan egiten zen sagardoa burdinoletara bidaltzen zen langileak lanaldi gogorretan freskatzeko. Datu historiko horri keinu eginez, bisita bakoitzean dastaketa bat ere egingo da. 11:00etan izango da Mirandaolako bisita eta 12:30ean Igartubeitikoa; sarrera doakoa da. Izena emateko igartubeiti@gipuzkoa.eus-era idatzi behar da.













