Iristear dira Ateak Ireki egitasmoko gazteak Goierrira
Larunbatean, Kanadako eta Amerikako Estatu Batuetako gazteak harrera familiekin elkartuko dira Ataunen. Astelehenean Beasainen egingo dute harrera ofiziala gazte guztiekin.
Iazko Ateak ireki programako gazteak, Zaldibian egindako agur ekitaldian.Hitza Ateak Ireki egitasmoko gazteak Goierrira iristear dira aurtengo egonaldia egiteko. Larunbatean, Kanadako eta Amerikako Estatu Batuetako gazteak harrera familiekin elkartuko dira, Ataunen 19:00etan egingo den ekitaldian. Ongietorria egingo zaie aurreskua dantzatuz. Martin Aramendi Ataungo alkateak eta Batzen Kultur Elkarteko ordezkari batek hartuko dute hitza ekitaldian. Uztailaren 19ra arte egongo dira Euskal Herrian.
Astelehenean, berriz, Lazkaon elkartuko dira gazteak, eta handik Beasainera oinez joango dira elkarrekin nahi dutenek. Igartzako jauregian da hitzordua, 10:00etan. Harrera ofiziala emango zaie diasporako gazte argentinar, uruguaitar, australiar, kanadar eta estatu batuar guztiei. Harrera familietako gazteak ere egongo dira, baita Maizpide eta Zornotzako barnetegietako ordezkariak, Goiekiko ordezkariak eta Urremendi Landa Garapen elkarteko ordezkariak ere.
Ziortza Olano Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaria, Felix Urkola Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatua, Irene Larraza Etxepare institutuko zuzendaria, Leire Artola Beasaingo alkatea eta Iñaki Goirizelaia Batzen Kultur Elkarteko presidentea izango dira hizlariak.
Goirizelaiak Euskal Herriaren egungo egoera azalduko die, eta Jauziak eta Beasaingo Soka-Dantza eta jota-porrua eta Dantzari dantza tailerrak egingo dituzte gazteek gero. Eguna amaitzeko, erromeria izango da Erauskin plazan.













