Itsasoko kirolak Ezkioko sanpedroetan
Ohiko San Pedro eguneko herri kirolen ordez itsasoko kirolak egingo dituzte. 4x4 areto futbol lehiaketako finalarekin hasiko dira beheko auzoetako festak bihar.
Buruhandiak iazko San Pedro jaietan. Hitza Bihar hasiko dira Ezkioko Santa Lutzi eta Anduaga auzoetan ospatzen dituzten San Pedro jaiak. Larunbatean jarraituko du festak, eta igandeko etenaren ondoren, asteleheneko planarekin amaituko dira. Aurten badira zenbait berrikuntza. Batetik, itsasoko herri kirolak egingo dituzte, eta bestetik, areto futbol lehiaketa jokatuko dute.
Hain justu, areto futbol lehiaketarekin hasiko da egitaraua bihar. Goiko auzoko San Migel festetan Izazpira igoera, bizikleta lasterketa edota pilota eskolako txapelketa egiten dituzte, eta beheko auzoko San Pedro jaietan ere kirol ekintza bat antolatzea erabaki zuen EzkiOn kirol klubak: 4×4 areto futbol lehiaketa. Joxe Mari Gabilondo klubeko kideak azaldu duenez, duela hilabete batzuk egin zuten deialdia, talde mistoak eta Ezkiokoak izatearen baldintzapean. Bi talde osatu dituzte: Lau Katu (lau lagun) eta Ostikada (bost lagun), 13 eta 16 urte bitarteko gazteek osatuta biak. Bi talde bakarrik direnez, zuzenean finala jokatuko dute bihar.
Mozorro onenari saria
Bihar ere, mozorro festa izango da. Bigarren aldiz egingo dute, iaz jende dezente animatu baitzen. Afalostean, mozorrotutako kuadrillek ikuskizunen bat eskaintzeko aukera izango dute. Mozorro onenak saria jasoko du.
Larunbatean toka, poteo eta bazkari herrikoia eta erromeria izango dira. Igandean ez dute ekitaldirik egingo, eta astelehenean itsasoko kirolak barnealdera eramango dituzte Kulki elkartearen bidez. Ainhoa Mendizabal Jai Batzordeko kidearen esanetan, zerbait ezberdina eskaintzeko asmoz antolatu dute ekintza hori. Gizartean kultur-kirolak sustatzeko proiektua da Kulki, eta, besteak beste, arraunketa, aingurak txinga moduan, kukaina, kanaberak edota lema eta maparen jolasa eskaini ohi ditu. San Pedro egunez egin ohi dituzten herri kirolen ordez antolatu dituzte itsasoko kirolak.
Tortilla, bertan
Beste berritasuna asteleheneko patata tortilla lehiaketa izango da. Orain arte etxetik eginda eramaten zituzten tortillak, eta aurten lehen aldiz bertan egin beharko dituzte parte hartzaileek. Saridunak erabaki ondoren, festei amaiera emateko txokolatada izango da.

Egitaraua
Ekainak 26, ostirala
16:30: 4×4 areto futbola. Finala.
17:30: Puzgarriak.
19:30: Txupinazoa eta buruhandiak.
Ondoren: Bertako sagardogileen sagardo dastaketa.
21:00: Ogitartekoak Ganbara Guraso Elkartearen eskutik.
22:30: Mozorro festa.
23:00: DJ Unai.
Ekainak 27, larunbata
12:00: Haurrentzako toka.
12:30: Helduentzako toka.
13:00: Poteo herrikoia, Astiazaran II.a eta Narbaiza trikitilariekin.
14:30: Herri bazkaria Euskal Parrillarekin. Bazkalondoren, bingoa.
21:00: Afariak. Ogitartekoak.
23:00: Laket taldea.
Ekainak 29, astelehena
11:00: Meza.
12:00: Hamaiketakoa.
17:00: Itsasoko kirolak Kulkirekin.
18:30: Patata tortilla lehiaketa.
Amaitzeko: Txokolate jana.













